Bloga

Skura: “Teknologia burujabetza lantzen, elkarlanean”

FITXA

Skura mobile kooperatiba

Zer egiten du: Neurrira egindako software, diseinu, definizio eta garapena. Konektibitatearen eta komunikazioaren teknologiak garatzen dituzte mugikorretarako.

Langile edo bazkideak: 5.

Noiz sortua: 2011n.

Egoitza: Arrasate eta Orereta-Errenterian.

Harremanetarako: 675892204 info@skura.com

 

Telefono mugikorretarako aplikazioak egiten dituen Skura interkooperazioan aritu da hasieratik. Izan ere, bi pertsonak osatutakoa zen sorreran, eta aplikazio mugikorrak garatzeko behar dira beste zerbitzu batzuk ere, adibidez, zerbitzaria. “Zerbitzu horiek guk ere egin genitzake, baina gure espezialitatea aplikazioak dira eta nahiago dugu horretan zentratu” azaldu digute kideek. “Horregatik, hasieratik modu naturalean atera zaigu zerbitzarien alorra egiten duten beste enpresa txikiekin kolaboratzea: Magnet, Onenpro edo ta Talaiosekin besteak beste. Eta haiei gauza bera gertatzen zaie, haiek garatzen dituzten proiektuek, mugikorren aplikazio bat behar badute, Skura da prozesu horren partaide. Zentzu horretan, elkarren zati gara”.

 

 

Esperientziatik azaldu digute teknologiaren sektorean ari diren kooperatiba hauek haien arteko harremana ez dutela konpetentzia moduan ikusten, lankidetza hitza hobe datorkiela. Eta onura handiak dakartzala horrela lan egiteak: “Proiektu beraren gainean enpresa bat beharrean bi baldin badaude, lau begik gehiago ikusiko dute. Enpresen artean proiektu bera lantzea oso polita eta oso aberatsa da. Lan egiteko modu hori Skuraren erraietan dago eta oso proiektu gutxi dira guk bakarrik aurrera ateratzen ditugunak: beti ditugu ondoan beste enpresa batzuk elkarlanean, gure sarea deitzen dieguna”. Lan-karga handiko boladetan lana banatzeko ere ongi datorrela azaldu dute.

 

Independenteak diren enpresa hauen arteko interkooperazioa hasieratik egin dutenez, “oso natural” ateratzen zaie harreman horiek elikatzea. “Ez daude gure bulegoan, baina telelanean ari balira bezala da: une oro ari gara zuzeneko kanalen bidez harremanetan, baita ere telefonoz eta emailez… eta batak duen ideia bestearekin partekatzen du, ikusteko elkarrekin zerbait egin dezakegun. Askotan esaten dugu elkarren parte bagina bezala dela, enpresa beraren departamentu ezberdinak bagina bezala”.

 

TEKS sarea josten

Enpresa teknologiko sare honek elkartea sortzeari ekin zion duela hiru urte, eta oraintxe formalizatu da: TEKS du izena. Ekonomia soziala eta teknologia burujabetza lantzen dituzten kooperatiba teknologikoei aurkeztuko diete elkartea, bertako kide izatea proposatuz. TEKSek behar komunei erantzutea du helburu, sarea indartzea, interkooperatzea, teknologia burujabetzaren eta ekonomia sozialaren balioak sustatzea gizarteko hainbat alorretan, eta elkarri babesa ematea, adibidez, diru-laguntza handietara aurkezteko ahalmena izan dezaten bakarka ezinezko izango luketen enpresa txikiek. TEKS elkarteak erreferentzialtasuna irabazteak bezeroen aurrean ere lagunduko diela uste dute, “bezeroak ikus dezan proiektu baten atzean ez dagoela Skura soilik, enpresa asko daudela gu babesten”.

 

TEKSen beste alorretako bat formakuntzak dira, pandemia garai honetan, emakumeen ahalduntzeari begira, herri ezberdinatako emakume taldeekin egon dira ahalduntze teknologikoa lantzeko tailerrak emanez: “Pandemiarekin ikusi dugu zer arrakala digitala dagoen emakumeen artean, batez ere 60 urtetik gorakoetan. Eta zer arazo izan dituzten bideodeiekin eta teknologiarekin oro har. Jende asko etorri zaigu tailer hauetara, interes handiarekin”.

 

Teknologia burujabetza

Behin baino gehiagotan agertu den “teknologia burujabetza”z galdetu diogu. Zertarako da beharrezkoa? “Gu izateko gure teknologiaren jabe, hori da helburua.  Ez ditzagun utzi gure datuak hirugarrenen eskuetan: Google, Facebook… ikastetxeetan sartzen ari dira multinazional hauek, txikitatik herritarren datuak beraien esku egon daitezen. Teknologia burujabetzak aldarrikatzen du gu izatea gure teknologien eta gure datuen jabe”.

 

Enpresen arteko interkooperazioan, behar komunei tresna komunak jartzen saiatzen direla azaldu dute eta noski, teknologia burujabetzaren ikuspegitik hautatzen dituzte tresna hauek: “Adibidez, Tapuntu, Talaios eta Skura kooperatiben artean teknologia libreko tresna bat instalatu dugu gure zerbitzarietan, gure kontabilitateko datu guztiak gure zerbitzarian egon daitezen, hirugarren enpresa baten zerbitzarian egon beharrean”. Skuran erabiltzen duten lizentzia libreko beste tresna bat Netxcloud da, Drive ezagunaren ordez: “Gure enpresako dokumentu guztiak ditugu zerbitzari horretan, eta Driveren aukera berak ematen ditu: online editatu ditzakegu dokumentuak, partekatu… baina sistema gurea da, ez Googlerena. Modu horretan, ez gara besteen dependiente, gureak dira datuak”.

 

0

olatukoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


Leave a Reply