Bloga

Aholku: “Zenbakiei beldurra galtzen, gertutasunaren bidez”

FITXA

Aholku kooperatiba elkarte txikia

Zer egiten du:  Aholkularitza laborala, kontablea eta fiskala.

Langile eta bazkideak: 3.

Egoitza: Donostian.

Harremanetarako: maider@aholku.eus

 

Aholkuk izenari men eginez, proiektuei asesoramendua ematen die, zenbaki kontutan. Proiektuetan eguneroko lanari eusteak buruhausteak ekartzen ditu, eta “kontabilitate fiskala” moduko hitzek beldurra ere ematen dute… Aholkukoak saiatzen dira proiektuen sorreran bidelaguntza ematen, gertutasunaren bidez lasaitasuna transmititzen, ezagutzen dituzten erreminten bidez errentagarritasunerako argi-puntuak ematen… Tira, bada guk ere artikulu hau baliatu dugu aholkuren bat eskatzeko.

“Zenbakiena nahiko gai korapilatsua da. Batzuek ez dute ulertzen edo ez zaie gustatzen, askotan urduri etortzen dira eta blokeo puntu bat izaten dute, gai pertsonalak izan daitezke… saiatzen gara bezeroei normal hitz egiten eta gertutasuna ematen. Eta haiek esaten digutena da lasaitu egiten direla”. Pandemia garaian psikologo lana ere egin behar izan dute.

 

Txikitasuna da Aholkuko bezeroen ezaugarria: kooperatiba, elkarte edo autonomo txikiak dira. “Denak dira txikiak, zeren langilez bolumen handia dutenek pertsona bat jartzen dute zenbakiak egunean izateko”. Hauetako proiektu batzuk sortzen ikusi dituzte Aholkukoek, eta erdi-minetan laguntzen aritu dira: “Proiektu berri bat martxan jarri behar dutenean, saiatzen gara bidelagun funtzioa betetzen, modu naturalean laguntzen. Pedagogia lana egiten dugu naturalki: Nola egin faktura bat eta nola egin gauzak… askotan oso galduta egon ohi direlako, normala denez hasieran ez dutelako gaia kontrolatzen eta hor laguntzen ahalegin handia egiten dugu”. Ekonomia sozial eraldatzaileko Olatukoop sareko kide diren proiektu asko Aholkuren bezero dira: “Nukleo moduko bat dira guretzat”.

 

Txikien arteko sarea josten laguntzearen ondorioz, eta gertutasunaren emaitza moduan, 2019an Aholkuk hamar urte bete zituela ospatzeko festa bat egin zuten: bezeroak eta bezero ez diren Olatukoopeko hainbat proiektu gonbidatu zituzten. “Oso giro polita sortu zen. Ez da oso ohikoa aholkularitza etxe batek festa egitea”.

 

Aholkuri aholku eske

“Adi egoteko garaia da, eta ideia berriak pentsatzekoa: agian ezingo dira orain arte beti egin izan diren gauzak egin, eta beste batzuek egiten hasi beharko da… sortzaile izan, merkatua aldatzen ari baita. Eta tentuz ibili, ahalik gutxien zorpetu eta kontuz maileguekin, hasieran dirua merke eman baitzuten: ‘Sei hilabete barru arte ez dugu ordaindu behar!’ esaten ziguten, eta guk erantzun: ‘Bai, baina sei hilabete barru ez dakizu zu nola egongo zaren, beraz, beharrezko ez baduzu, ez hartu’. Kontuz ibiltzeko garaia da, ematen dituzten laguntzak hartzen saiatu baina ongi begiratuta zertara lotzen zaituzten”.

 

Sortzaile izateko eta tentuz ibiltzeko gomendatzeaz gain, beste aholku hau ere ematen ari da Aholku: “Egoitzak alokairuan dituztenei esaten diegu jabeekin hitz egin dezatela, ordaintzea asko kostatzen ari baitzaie eta gauzak negoziatu baitaitezke. Jabearen arabera da, baina gure bezero diren enpresa askoren errentaren kasuan, lokal askodun jabeez ari gara. Eta gure bezeroei esaten diegu, ezin direla egunean hamar orduz lanean ari, jabeari ordaintzeko”.

 

Aholkukoak pozik dira oraingoz ez dutelako bezerorik galdu itxi izanagatik, baina “hemendik aurrerakoak ematen digu beldurra”, esan dute. Izan ere, haien bezero askoren ogibidea zerbitzuak ematea da: “Administrazioarekin egiten dute lan, diru-laguntzekin… eta kezka handia ematen digu sektore horrek, ostalaritzaz gain. Ea proiektu berrietarako hitzarmenak lortzen dituzten, ea nola jokatzen duen administrazioak: diru gutxiago egongo da, eta ea nondik kenduko duten. Ikusiko dugu”.

0

OlatuKoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


Leave a Reply