Bloga

OlatuKoopeko kideok indarberrituta ospatuko dugu Azpeitian Saretze Eguna

  • Duela lau urte sortu genuenetik gero eta enpresa komunitario gehiago batu zaizkigu Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailearen sarera; egun 26 gara partaideak. Ekainaren 9an Azpeitian egingo dugun Saretze Egunean kide berrien proiektuak ezagutzeko aukera izango da.
  • Urtebete iraun duen prozesu parte-hartzailearen ondorioz, OlatuKoop barne mailan egituratu dugu, batzordeak eta lan-taldeak sortu ditugu, eta idazkaritza eratu dugu egitasmoak aurrera eramateko.

2014ko maiatzean aurkeztu genuen jendaurrean OlatuKoop Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) sarea, ekonomia bizitzaren zerbitzura jarriko duen “olatu kooperatibo berri bat” sustatzeko helburuz. Auto-eraketa eta demokrazia ekonomikoa, gardentasuna, jendartearen ongizatea eta elkartasuna dira gure oinarri irekietako batzuk.

Urteotan ibilbide oparoa izan du gure sareak: besteak beste KoopFabrika programa jarri dugu martxan hainbat eragilerekin lankidetzan, komunitatearen beharretatik abiatu eta proiektu berrien bideragarritasuna ez ezik bizigarritasuna aintzat hartzen duen ekintzailetza eredua sustatzeko.

Horrez gain, memoria kooperatiboa berreskuratzeko eta ESE bisibilizatzeko Batura bezalako ekimenak garatu ditugu. Merkatu sozialetan eta Euskal Herriko agenda sozialean parte-hartze aktiboa izan dugu, bestalde, OlatuKoopeko kideok.

GERO ETA GEHIAGO

Alternatibarik ez dagoela dioen sistema kapitalistaren aurrean, gero eta jende gehiago ari da hurbiltzen beste eredu bat eskaintzen duen ekonomia sozial eraldatzaile eta solidariora; OlatuKoop sareak izandako hazkundea da horren erakusgarri. Sortu genuenean dozena bat enpresa eta proiektu ginen eta, jadanik, bikoiztu baino gehiago egin da partaideen kopurua: 26 gara dagoeneko. Hala, hamalau dira enpresa komunitario bazkideak, eta beste hamabi kideak.

Azkeneko urtean barne egituraketa fasean murgilduta egon gara OlatuKoopen eta bertan parte hartzeko aukerak ugaritu ditugu, bazkide ala kide izan edo lankidetzak eginez. Elkarren artean koordinatuta dauden batzorde eta lan-taldeak ere sortu ditugu, eta idazkaritza eratu dugu egitasmoak aurrera eramateko.

EKAINAREN 9AN, SARETZE EGUNA

Datorren larunbatean, ekainaren 9an, izango dugu urteko zita garrantzitsuenetako bat OlatuKoop osatzen duten lagunok, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean antolatu duten Saretze Egunean. Kooperatiba eta enpresa komunitario berriei harrera egiteaz gain, ekonomia sozial eraldatzailearen oinarriekiko konpromisoa berretsi eta beste eragile nahiz norbanakoei eredu hori azaltzeko baliatuko dugu eguna.

Horretarako, goiz osoko egitarau betea daukagu, 10:00etatik hasita:

  • 10:00etan: Harrera.

  • 11:00etan: Mahai-inguruak:

    • Ekintzailetza sozial kooperatiboa. Liburu aurkezpena: La burbuja del emprendimiento y la atomización de la clase trabajadora (Jose Manuel Martinez Bedia).

    • ESE bisibilizazio eta saretzea.

  • 12:00etan: Proiektuen aurkezpena.

    • San Agustin.

    • Elkar-ekin.

    • Bizilore.

  • 13:00: Itxiera: barretartia eta bermut kooperatiboa.

Izen-ematea zabalik dago Saretze Egunerako: https://olatukoop.net/ekitaldia/saretze-eguna-2/

Informazio gehiago behar izanez gero: info@olatukoop.net.

0

olatukoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


Leave a Reply