Mugaz gaindiko moneta osagarrirantz: Euskal Herrian ekonomia eta harremanak josteko tresna

Mugaz gaindiko moneta osagarrirantz

Badira 12 urte Ipar Euskal Herrian Euskoa martxan dela, Euskal Monetak sustatu eta sortua, tokiko ekonomia indartzeko, zirkuitu laburrak bultzatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko.

Olatukoopentzat tokiko ekonomia eraldatzailea sustatu eta saretzeko erreferentziazko tresna da, eta horregatik duela bi urtetik elkarlanean izan gara mugaz gaindiko ikuspegitik, Euskal Herriko lurraldetutako enpresen kohesio eta elkarlaguntzarako tresnen ikerketa eginez.

Bidean ikusi dugu, Euskal Monetak egindako gogoetari jarraituz, badela aukera, beharra eta gogoa mugaz gaindiko tokiko moneta bat sortzeko, Euskal Herri osoan. Horregatik, azken hilabeteetan tokiko moneta Hego Euskal Herrian zabaltzeko proiektuan elkartu gara beste eragile batzuekin batera, eta “Gizartearen Moneta” izena eman diogu.

Erronka garrantzitsuei erantzun nahi die proiektuak: iparraldearen eta hegoaldearen arteko lotura ekonomikoak sendotzea, tokiko trukeak laguntzea, eta ekonomia erresilienteagoa eta iraunkorragoa sustatzea, besteak beste.

Lehen urratsak eman ditugu proiektuan, eta orain etapa berri batean sartzera goaz. Olatukoopen sustapenak lagunduta, proiektua bideratu dugu, harremanen lanketa, finantzazioa eta egituraren sortzearen bitartez, horretarako proiektuaren koordinatzailea, Luix Intxauspe Arozamena kontratatuz, Gizartearen Monetak izaera juridiko propioa hartzen duen bitartean. Proiektuak beharrezko izango duen egitura sortzeko, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspegia ere txertatzeko, bidelagun izango gara aurrerantzean ere.

Hegoaldean proiektua zabaldu aurretik, bi esperientzia pilotu garatuko ditugu Baztanen (Nafarroan) eta Oarsoaldean (Gipuzkoan), horretarako lurraldeetako eragile anitzekin (udalak, kooperatibak, merkatariak, laborariak, elkarteak, sindikatuak, herritarrak, etabar) saretze eta sozializazio prozesuak abiatu ditugularik.

Orain arte saretze eta prestatze lanak egin baditugu ere, iritsi da unea lanen berri publikoki emateko, eta gure harreman sareko kideek ekarpena egin dezaten. Horretarako Euskal Monetak eta Gizartearen Monetak “Mugaz gaindiko moneta osagarrirantz” izeneko mintegia antolatu dute heldu den otsailaren 8an, larunbatarekin, Baigorrin (Plaza Xoko gelan).

Mintegi hau momentu garrantzitsua izanen da elkarrekin gogoetatzeko mugaz gaindiko tokiko moneta baten sortzeko aukeraz, harreman ekonomiko eta sozialak sendotuz. Goizaldea parte hartzaileen harrerarekin hasiko da 9:00etatik aurrera, eta aurkezpen, mahai-inguru eta lanketa kolektiboa eginez osatuko dugu. Proiektua babesten duten erakunde publikoek ere parte hartuko dute jardunaldian, eta goiza solasaldiak luzatzeko aproposa izango den tokiko produktuak dastatzeko mokaduarekin amaituko dugu.

Mintegiaren bitartez, orain arte aurreratutako lanak elkarbanatu eta aurrera begira izango diren egitekoak aurreratuko ditugu. Horregatik, bertan parte hartu eta zuen iritzi eta proposamenak egitera gonbidatzen zaituztegu, Iparraldeko edo Hegoaldeko ekonomia sozialeko enpresetako kide, elkarte arduradun, hautetsi eta herritarrei. Eskertuko genuke aldez aurretik izena ematea esteka honen bidez.

Bidea abiatu dugu, baina ezinbestekoa da Euskal Herrian ekonomia eta harremanak josteko tresna justu eta bizigarria izango den mugaz gaindiko moneta osagarria elkarrekin eraikitzeko indarrak batzea, bide ederra izango da.

Scroll to Top