Lanari buruzko teorizatzaile andanaren gogoetak bildu ditugu, lan hau bultzatu dugunontzat garrantzitsua baitzen askotariko begiradak jasotzea. Irmoki sinesten dugu lanari buruzko hausnarketa kritiko baten beharra dagoela, eta gaur egun nagusi den sistema sozioekonomikoari buruzko ikuspegi kritiko batetik lan egiten eta pentsatzen dugun kolektibook badauka gu zer errana. Modu sinplean eta, agian, ez oso akademikoan erranda, bizitzari eusteko balio duen edozein jarduera uler dezakegu lan gisa
Liburuaren idazketan parte hartu dugunok mugimendu kooperatibokoak gara eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspegian bat gatoz. Gure egunerokotasunean ikusten dugu pertsona askoren lan-helburua dela segurtasuna eta bizi iraupenerako balio duten beste elementu batzuk bilatzea, baina beharrezkoa da helburu hori imajinatzea bizitza-ikuspuntu batetik beteko zaituzten jardueretatik. Lana errenta baino askoz gehiago delako. Eta hain justu, “askoz gehiago” hori da testu labur honetan bilatzen, aztertzen eta erakusten saiatzen garena.
Liburuak ez du errezetarik ematen, nolazpait zure lan desiragarria eraikitzeko ideiak biltzen ditu. Soldata duina, malgutasun maila onargarria edo enpleguari lotutako eskubide sozialak jasotzea baino zerbait gehiago da lan desiragarria. Egiten duzun jardueran aitzina egin eta ez jakitea lanean ari zaren ala ez, zure une militantea den ala ez, zure aisialdi unea den ala ez, agian hori da lan desiragarria. Lan desiragarriaren bilaketak zerikusi handia du gizarte moderno kapitalistaren dualismoen ezinbesteko hausturarekin
Ekonomia postkapitalista batek beste helburu batzuk bilatu behar ditu, gure aburuz, bizitza mantentzea eta hobetzea. Logika kapitalistatik urrun dauden helburu horien barruan kokatu behar dugu lana, edo hobeki erranda, lanak.
Alternatibak eraikitzeko lan politikoa egitean datza gurea.



