KoopFabrikaren 5. ikasturtea martxan, inoiz baino beharrezkoago den garaian

Ekintzailetza sozial kooperatiboaren premia areagotu egin dela uste dute KoopFabrikako antolatzaileek, “komunitatearen beharrei proiektu zehatzen bidez erantzuteko”. Aurreko urteetako eskaintza indartuz, udalgintzaren gaiari heldu nahi diote aurten.


Usurbilgo Sutegi aretoan aurkeztu dituzte aurrera begirako erronka eta xehetasunak, Lanki ikertegiko Arianne Kareagak, Olatukoop sareko Leire Udabek, GEZKI institutuko Jon Morandeirak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iker Estensorok. “
Gizartearen ahulguneak mahai gainean jarri dituen pandemia baten erdian” ekin diote ikasturteari.


Urtez urte, KoopFabrikara iristen diren proiektuen konplexutasun eta aniztasuna handitzen ari dela uste dute. Horren adibide gisa iaz bidelaguntza jaso zuten bi proiektu aurkeztu dituzte ekitaldian, Eihera, eraldaketa feminista eta LGTBI prozesu propioak diseinatu, garatu eta ahalbidetzen dituen kooperatiba eta Herrerako Sukaldea, auzoan dituzten jateko-beharrak kolektibizatzen dituen proiektua.


KoopFabrika martxan jarri zutenetik, 244 pertsonak hartu dute parte eskainitako formazioetan. Horrez gain 55 proiektu sozioekonomiko garatu dira “formazio eta bidelaguntza metodologia propioaren bidez”. Iazko datuak ere aurkeztu dituzte, 2019-2020 ikasturtean 49 lagunek eman zuten izena programa osoan eta 25 proiektu garatu ziren. Aurtengo edizioan proiektu horietako batzuk kontsolidatzeko bidelaguntza ere jasoko dutela adierazi dute antolatzaileek.


Ziurgabetasun eta krisi garai honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da komunitateak indartu, komunitatearen beharrizanei erantzun eta ekintzailetza sozial kooperatiboko proiektuak sustatzea antolatzaileen esanetan. KoopFabrika sortzera eraman zituzten arrazoiak, inoiz baino indar eta zentzu handiagoa dutela sinetsita
daude. Horregatik aurtengo ikasturtean, orain arte egindako ibilbidean garatutako 
metodologia eta bidelaguntza sistema osoa ondo jaso eta denon eskura jarri nahi dute antolatzaileek, “tokiko ekosistemak lantzeko eta dimentsio publiko komunitarioak uztartzeko”.


Udalgintza eraldatzailean erronka
“Elkarlan publiko-kooperatibo-komunitario formak baliatuz, udalgintza eraldatzailearen bidez, herri eta komunitateak indartzea dugu helburu” adierazi du Beñat Irasuegik. Hain justu udalgintza eraldatzailearen gaia lantzeko jardunaldia antolatu dute urriaren 30erako Arantzazun. Iaz ekin zioten udalgintza eraldatzailearen gaia ikertzeari eta aurten iaz ikertutakoa zabaltzeko ahalegina egingo dutela adierazi dute, Euskal Herrian udalgintza eraldatzaileko eredu propio bat garatzeko. Arantzazuko jardunaldietan parte hartzeko ezinbestean koopfabrika.eus orrialdean izena eman behar dela adierazi dute.


Bi formazio garai
Ikasturte honetan ere, bi formazio garai antolatu dituzte. Lehenengo aukera, Eskoriatzan eskainiko dutena, azaroaren 23an hasi eta abenduaren 17an amaituko da. Bigarren aukera berriz, Hernaniko Iturolan eskainiko dute eta otsailaren 2an hasi eta martxoaren 25ean amaituko da. Bi formazio garai antolatu badituzte ere, izen
ematea koopfabrika.eus helbidean une oro irekita dagoela adierazi dute. Osasun egoerak eragingo diela jakitun, plangintza moldatu ahal izateko alternatiba lantzen ari direla adierazi dute.

Scroll to Top