Izarkom: Pertsona batek erantzungo dizun telefonoa

Izarkomeko webgunean mezu hau irakurri dugu larrialdi telefono zenbakiaren ondoan: “Kontutan izan, larrialdiko telefonoaren beste aldean, lan orduz kanpo artatuko zaituen langile bat dagoela, beraz, jai egun edo desordutan SMSa bidali aurretik, zuk zeuk hausnartu benetan larrialdia den edo ez”. Lan ordutegira itxaron dugu eta deitu egin diegu, mezu horrek sortutako jakinmin hutsagatik.

FITXA

Izarkom

Zer egiten du: Telefono eta Interneterako zerbitzuetara sarbidea bermatuko digun Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa da.

Noiz sortua: 2018an.

Langileak: 3 egun osoz eta bat egun erdiz.

Egoitza: Irunen.

Harremanetarako: 943 569 214 / arreta@izarkom.eus.


Ezer baino lehen azaldu digute Izarkom sortzera eraman zituena ez zela proiektu enpresarial bat izan, baizik, “gure herriak telekomunikazio esparruan dituen beharrak asetzeko”.

Abiatu orduko ikusi zuten egunean zazpi ordu eta erdiko arreta zerbitzuaz gain, beharrezko zela larrialdiko telefono bat ezartzea: “Larrialdia daukanak eduki behar du aukera artatua izateko. Horretarako hautatu dugun modua da telefonoa hartu beharrean, SMS bidez jasoko dela kezka eta gero gu jarriko garela erabiltzailearekin harremanetan”.

Larrialdietarako telefonoa bi kideren artean eramaten dute txandaka: “Lan orduz kanpo egiten dugun lan bolondresa da. Txandak ez ditugu finkatuta, gure artean moldatzen gara. Gauden langileok oso barneratuta dugu zer den proiektua, zer eskatzen digun eta zer ematen digun”.

Izarkomekin erabiltzaileek duten harremana ez dela teleoperadore komertzialen berbera azaldu dute: “Larrialdi une batean beste edozein enpresak gutxieneko arreta eskainiko lioke eta gu aldiz gehiago inplikatzen gara, baina erabiltzaileak ere langileongan pentsatu dezala, zein ordutan eta zertarako deitzen duen. Zerbitzu bat noski eman behar dela, baina baita ere bermatu behar da bertako langileen deskantsurako momentua”.

Ordutegi mugatuagoan arreta hobea

“Telekomunikazioaren sektorean konpetentzia izugarria dago eta beste operadoreek jendea bereganatzeko arreta zerbitzuaren ordutegia zabaltzen dute, nahiz eta gero arreta zerbitzua bera oso eskasa izaten den. Eta haiekin kontaktatzeko aukera ematen dute sare sozialen bidez kanal pila bat irekita”. Izarkomekoek diote haiek ez dutela lehia horretan sartu nahi: kanal bakarra izatea nahiago dute, arreta telefonora deitzea, edo emailera idaztea, alegia.

Izarkomen indargunean arreta pertsonalizatua dela berretsi dute: “Behar duenari benetan entzuten diogu eta behar duen bezainbesteko irtenbidea eskaintzen. Arreta telefonoa hartzen duena oso atsegina da, bere denbora hartzen du lasai eta argi azalpenak emateko, ez da deia di-da gainetik kentzera joaten eta jendeak hori eskertu egiten du, ez makina ahots batek ‘euskaraz nahi baduzu sakatu 1’ esatea eta ondoren ‘esque ahora no está el de euskera’ entzutea” (orain ez dago euskarakoa). Arreta pertsonalizatu hori teknikariek ere eskaintzen dute: “Norbaitek arazo bat duenean, teknikaria asko mugitzen da ikusteko benetan arazoa zein den, guk arreta benetakoa izatea nahi dugulako”.

Desordutako dei horiek

“Jendearen gehiengoa filosofiagatik batzen da Izarkomera, baina gero eta jende gehiago etortzen ari da beste operadoreekin nazkatuta dagoelako, zerbait berria ikusi duelako eta prezioak ere gustatzen zaizkiolako”. Edozein ordutan edozer eskuratu nahi izateko joerak eraginda, azken bi urteotan gehitu egin zaizkie desordutako deiak. Umorez kontatu dute goizeko 4:00etan “interneta ez dabilkit!” esanaz deitu ziotenekoa. “Bada itxaron goizeko 8:00etara, arreta zerbitzua eta teknikaria martxan jarriko dira eta erantzungo dizugu, orain goizeko 4:00etan zer nahi duzu nik egitea?” erantzun zioten. Honela bukatu zen istorioa: “8:00etan deitu genion eta lasai bota zigun ‘a, ez, konpondu zen, orduerdira itzuli zen…’”. Zera berretsi dute Izarkomeko kideek: “Benetako larrialdia baduzu kasu egingo dizugu, baina deitu aurretik bi aldiz pentsatu, ‘kobertura galdu dut’ bada arazoa, itxaron ordu erdi, agian momentuko arazo bat da eta gero berriro itzuliko zaizu”.

Gutxiago denean helburu

Kapitalismoak guri beharrak eta desirak sortzeko duen apeta ez da gaur goizekoa: “Egun operadoreak borrokan sartuta daude: zenbat eta interneteko abiadura handiagoa hobe! Lehen 100 mega segundoko asko zen, orain 300, 500, 600 eta jada giga segundoko eskaintzen ari dira… guk Izarkometik zuntzaren bidez bi abiadura eskaintzen ditugu, 100ekoa eta 600ekoa, eta deitzen duenari beti aholkatzen diogu 100 megako abiadura. Etxeko edozein erabilerarako –baita intentsiborako ere–, nahikoa eta sobera baita 100 megakoa”.

Abiadura txikiagoaren prezio berean eskaintzen digutenez guztiok jotzen badugu ahalik internet abiadura handiena jartzera, horrek bere ondorioak dituela ohartarazi dute: “Nahiz eta gero ez erabili, abiadura hori eskaintze hutsak energia erabilera izugarri handitzen du, horrek karbono aztarna asko handitzen du… enpresa bat duelako edo transferentzia astunak egingo dituelako 600 behar dituenari noski jarriko diogula, baina lehenik pentsatu zer behar duzun eta ahal dela hasi 100ekin, eta gero aldatu dezakegu 600era, praktikan behar duzula ikusiz gero. Saiatzen gara mezu horiek ere zabaltzen”.

Scroll to Top