EKONOMIA SOZIAL ERALDATZAILEA GREBAN!

GREBAN GAUDE, Euskal Herriko pentsionistek eta langileon beharren alde egunerokoan lanean dabiltzat eragile sozial, sindikal eta ekonomikoek, pausu bat aurrera emateko greba oroko bat beharrezkoa dela erabaki dutelako.

GREBAN GAUDE, lan, pentsio eta bizitza duina ezinbestekoak direlako jendarte justu eta berdinzale bat eraikitzeko.

GREBAN GAUDE, 1200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko pentsio minimoa, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalak eraistea, oinarrizko eskubideak direlako.

GREBAN GAUDE, hegemonikoa den ekonomia eta jendarte eredua ez delako gurea. Bizitza bizigarriak nahi ditugulako. Lan burujabea oinarri, aberastasuna sortu eta banatzeko baliabideen jabetza kolektiboarekin. Ekonomia sozial eraldatzailea horretarako bidea da, eta den-dena nahi dugulako antolatzen ari gara.

GREBAN GAUDE, herritarren eta komunitateen beharrei begiratu behar diegulako, elkartasuna norberaren ongizatetik harago kokatuz. Despopulatutako lurraldeak, landa eremu eta bizitza prekarizatuak gehiengo diren hiri-auzoetako beharrak, denon behar bihurtuz jendarte kohesiorako estrategiak landu nahi ditugulako.

GREBAN GAUDE, neoliberalismoak gurutzatzen dituen gure gorputz eta lurraldeetatik, harreman eraldatzaileak garatu nahi ditugulako, aukera sentikorrarik, eta gure gorputzei toki bat emanez.

GREBAN GAUDE, gure bizitzen aldeko erabakiak Euskal Herrian hartu nahi ditugulako, burujabetzaren alde egiten duten beste lurralde eta bizitza proiektuekin saretuta.

GREBAN GAUDE, greba feminista delako, eta kapitalaren aurrean bizitza erdigunean jartzen duelako. Kapitalismo neoliberal patriarkala ere bada, eta feminismorik gabe ez delako eraldaketarik izango.

GREBAN GAUDE, kooperatibismoan eta ekonomia sozialaren baitan eztabaida beharrezkoa delako. Berez pertsonen alde egin beharko lukeen ereduaren merkantilizazioa prozesua gelditu nahi dugulako.

Bizitzaren kontra egiten duten eredu ekonomiko eta tresna instituzionalaren kontra egingo dugu, bizitzaren alde egiteko. Etorkizun eta bizitza bizigarriak denontzat izan daitezen.

GUZTIA GELDITU DUGU

INORK GELDITU EZ GAITZAN!

Scroll to Top