Hamar urte hauetan asko ikasi dugu praktika ezberdinetatik ekiten, eta ezagutza partekatu bat sortzeko, modu irekian, Olatukoopek argitalpenen ildoa ireki du.
Horietako bat da Oskar Garcia Juradok eta Olatukoopeko hainbat kidek elkarlanean osatu dugun “Ekonomia eraldatzailea(k)”. Saiakera honek Olatukoopek bere 10 urteko ibilbidean ondutako esperientzien ondorioz, 2014an definitutako Ekonomia Sozial Eraldatzailearen teoria eta ereduaren baitan egondako eboluzioa eta proposamen berriak jasotzen ditu, aurrera begira, Bizitzarako Ekonomia bat eraikitzeko ongarri izan dadin.
Asko dira ibilbide honetan guztian izan ditugun bidelagunak, hasi Olatukoopeko kide diren kooperatiba/erakunde guztiak eta baita urte hauetan guztietan gurekin lankidetzan aritu diren proiektuak: LANKI ikertegia, GEZKI institutua, Udalbiltza, Kataluniako burkideak (Coop57ko, Ciutat Invisibleko, Coopoliseko, Ateneu Catalunya Centraleko, Ateneu Ponent Cooperako hainbat eta hainbat kide) eta herrigintzan lanean dabiltzan beste hamarnaka pertsona eta eragile.
Egindako bidea oparoa bezain gorabeheratsua izan da. Txikitasunetik, ilusioz hasitako bidean, oztopoak bezainbeste topatu ditugu kolektiboaren babesa, zaintza, elkartasuna eta aurrera egiten jarraitzeko gogoa.
Eztabaida eta gatazkan hazten gara, horregatik testu honekin bide horretan ekarpen bat egin nahi dugu. Proposamena horixe da, proposamen bat, aniztasunean batasuna lor daitekeenaren ideiarekin josia, hori bai. Bizitzea tokatzen zaigun garai honetan, aniztasunean batasuna bilatzeari, borrokak lotzeari, uko egiten diotenen kontra.
Beste espiritu bat ere jasotzen du proposamenak: ekonomiak ez badu denona, komuna dena zabaltzen, ez da eraldatzailea. Jaietan bezala, jaiak denontzat ez badira, ez direlako jaia. Sistema honen barruan jaio eta biziraun behar badugu ere, bertatik kanpo bizi eta berau gainditzeko bidean gaudela ez zaigu ahazten.
Hirugarren ideia bat barneratzen du testuak. Pentsamendu positibo hutsala, berez, negatiboa izan daiteke gaurko testuinguruan, baina zerumuga positiborik gabe, edo gutxienez heldulekurik gabe, ez dago etorkizunik. Guk helduleku horietako batzuk proposatzera gatoz, baina ez du balio desiratzeak, desira ezinbestekoa bada ere, alternatibak imajinatu, egin eta gorpuztu egin behar dira erantzukizunez.
Beraz, espero dugu liburuxka honekin Ekonomia herriratu eta geure beharretik gure bizitzaren burujabetza lortzeko inspirazioa lortzea. Beste batzuekin batera, ekonomia eraldatzaile, feminista, antiarrazista eta burujabea gauzatzeko prest gaude. Ekonomia herrien behar eta desiratik eraiki ezin dela aurkezten digutenei, herritik eta herriarentzat sortutako ekonomia egiteko gai garela eta egingo dugula esan nahi diegu. Elkarrekin ekoiztea, zaintzea eta ondo pasatzea da bizitza bizigarriak eta burujabeak lortzeko modu bakarra.