Olatukoop sarearen irakurketa
Maiatzaren Lehena egun garrantzitsua da Olatukoop osatzen dugun langile burujabeontzat, urtero hartu dugun bidea berretsi eta ospatzeko eguna baita. Zeren gure lanak ospatzea, gure egunerokoa duindu, hobetu eta desiragarri bihurtzeko borrokaren parte garrantzitsua da. Eta bidean jarraitzeko behar ditugu egun seinalatuak, egiten gabiltzan bide kolektiboaren zikloa erakutsi eta berrartzeko indartzen gaituzten errituak. Gure auzo, herri eta lurraldeetako langileekin batu eta berdintzen gaituen eguna da Maiatzaren Lehena.
Guk lan burujabeak sortu eta garatu nahi ditugu, ekoizpen baliabideak elkarrekin kudeatzeko, bizitza bizigarriak eta lan desiragarriak denontzat aukera eta errealitate material izan daitezen, eta etorkizun etsigarrien aurrean eguneroko lanak esperantza militante baterako abiapuntu izan daitezen. Langile burujabeak gara, eta lanaren ikuspegi osoago bat zabaldu nahi dugu, herrigintzaren eta zaintzaren esparruko lanak duten balio sozial eta material guztiarekin aitortuko dituena. Horrela, lanak sortu, eraldatu, eta elkarbanatzeko gaitasuna langileona dela aldarrikatzen dugu, eta bide batez kapitalaren menpeko lanaren kontra gaudela ere, lana horrela egitera behartuta dauden langileekin elkartasunez. Soldatapeko langileen eskubideen alde egiten dugu, besteak beste, denon artean erabakitako gutxieneko soldatak Euskal Herrian langileok erabakitzeko aldarrikapenarekin bat eginez, eta kolektiboki gehiengo soldatak mugatzeko proposamena plazaratuz.
Ezin da lan eta bizitza hobeak izatea espero elkartasunik gabe, eta horregatik aukerak denontzat zabaltzeko bideak lantzeko deia egiten dugu Maiatzaren Leheneko ospakizunetik abiatuta. Gure herrietara lanera datozen langile prekarizatuei lan burujabek izateko bidea egiten lagundu behar diegu, lan duinetatik abiatuta bizi proiektu osoak eraiki ditzaten, eta horretarako gure kooperatibak eta proiektu komunitarioak moldatuko ditugu, harrera bide eta komunitateetan finkatzeko tresna izateko. Langile guztiak kapitalaren tresna eta mota guztietako atzerakoien beldurren eraikuntzarako aitzakia izatetik, lan eta bizitza desiragarriak eraikitzeko subjektu izango gara.
Euskaraz lan egiteko eskubidea eta nahia ere erdigunera ekarri nahi dugu langileon aldarrikapen eta borroka egunarekin. Izan ere zenbait langileren ustezko eskubideen defentsaren aitzakiarekin kontrako estrategiak legitimatu nahi dituzte, eta horretarako gure lan komunitateak euskaldun izateko oztopoak jarri eta hizkuntza hegemonikoekin bikain moldatzen den kapitalaren aldeko pribilegioak mantentzen dituzte, izaera kontserbadoreko estrategia antolatuekin. Gure ekintzarako tresna guztiak aktibatuko ditugu, euskaraz lan egitea ere denontzat lan hobeak lortzeko bidea izan dadin.
Langileok badugu ardura gure herri eta komunitateen kohesioa indartzeko, eguneroko jarrera atzerakoiei eta faxismo globalari aurre egiteko eremu garrantzitsuena izango dena. Lan burujabeak komunitateen eta lurraldeen nahi eta beharrei begiratuz sortu behar ditugu, lana bere adiera zabalean hauek josteko esparrua izan dadin. Bide horretan, landa, auzo eta herrien zerbitzu eta lanen husteari erreparatu eta tresna kooperatiboekin erantzuteko gaitasuna daukagu, Herri Kooperatiben bitartez edo baliabide materialak kolektiboan jabetu eta kudeatzeko forma berriekin. Egunerokotik eginez ideia eta praktika berriak ditugu eskuartean, eta langileon antolaketa gaitasuna izango da denok ikusten dugun herrigintza eta tokiko ekonomiako errelebo krisiari aurre egiteko modu eraginkorrena. Hau ere bada maiatzaren leheneko aldarrikapena.
Amaitzeko, ez ditugu ahaztu nahi gerrek zapaldutako eta hildako langile guztiak, gogoratuz gerrak ez direla inoiz langileon interesengatik egin, gure kontra baizik. Horregatik garai ilun hauetan gerren eta beldurraren kontra egitea tokatzen zaigu, esperantzaren eta bizitzaren alde eginez, lana modu militante eta diziplinatuan antolatuz. Gozatu eta ospatu dezagun bidea!
Lana eraldaketaren alde jarriko dugu.
Gora munduko langileak!
Gora Maiatzaren Lehena!




