FITXA
Zer egiten du: Espazioaren eraldaketa, eraldaketa sozialarekin uztartu.
Langile eta bazkideak: 7 langile-bazkide, 1 langile.
Noiz sortua: 2013an.
Egoitza: Irunen eta Bilbon.
Harremanetarako: hiritik-at@hiritik-at.eus
Hiritik At kooperatiban erabaki zuten astean 32 orduko lanaldia izatea, “ulertzen dugulako lanak ez duela bizitzaren zati handiena hartu behar”. Lan denborari neurria hartzeko, orduen kontrola eramateko erreminta bat garatzen joan dira. Taula “sinplea” da, eta denborarekin asko findu dituzte lan arloak: komunitatearentzako egindako lan ez ordainduak, barne-antolaketari lotutakoak eta formaziorako denborak ere badu bere lekua taula horretan. Erreminta horrek aukera ematen die norberaren lan orduen kontrola eramateko, lantaldeko lanak orekatzeko eta bezeroen proiektu bakoitzari zenbat denbora eskaini dioten jakiteko. Helburua, beti ere, “bizi-baldintza egokiak ziurtatzea da. Ekonomia sozial eraldatzaileko enpresak montatu genituen mundua aldatzeko, baina mundua aldatzeak ez du zentzurik gure eguneroko bizitzak, praktikak, enpresa izaerak ez baditugu aldatzen. Guretzat hau oso garrantzitsua da: ongi bizi nahi dugu, baldintza onak izan nahi ditugu”.
Orduak kontrolatzeko taula, lana ez dadin izan bizitzan denbora gehien hartzen duena
Hiritik At kooperatiba sortu zutenean 35 ordukoa zen langile hauen lan astea. “Urtebetera-edo diru-sarrerak hobetzen joan zitzaizkigun eta aukeratu ahal izan genuen: soldatak igo edo lan-orduak murriztu. Lanaldia murriztearen alde egin genuen, ulertzen dugulako ekonomia sozial eraldatzaileko enpresetan lanak ez duela izan behar bizitzaren zati handiena hartzen duena”. Geroztik 32 orduko lanaldian ari dira.
Nola egiten da benetan lanaldia 32 ordukoa izateko?
“Ekonomia sozial eraldatzailean ekintzailetasun izaera handia dugu, eta autoesplotazioan erortzeko arriskua dago”. Hori saihesteko, hasieratik hasi ziren orduak kontatzen. Bakoitzak darama bere orduen kontaketa, ez du beste inork kontrolatzen, baina barrura begira ordu horiek erregistratuta uztea garrantzitsutzat dute, lan-taldea antolatzeko informazio asko ematen baitu. Kanpora begira, erreminta horrek aukera ematen die proiektu bakoitzaren errentagarritasuna neurtzeko: “Lan bat egiten badugu x dirugatik eta guk diru horri dagokiona baino askoz ordu gehiago eskaintzen badizkiogu, horrek ekar dezake guk egunean 8-10 ordu lan egin behar izatea. Garrantzitsua da jakitea non dagoen oreka: lana kalitatez egiteko, baina autoesplotatu gabe”.
Excel taula bat, norberaren neurrikoa
Interneten badira lan denborak neurtzeko mila aplikazio. Hiritik At, ordea, excell taula sinple batekin abiatu zen, eta denborarekin bere neurrira zehaztu eta garatu du: “Guk proiektuka lan egiten dugu, eta taulan idazten dugu zer aurrekontu dugun proiektu bakoitzerako. Orduen aurreikuspen bat egiten dugu eta langileon arteko banaketa, bakoitzak dituen lan-kargen arabera. Enpresaren lanak ere kontuan hartzen dira lanen banaketan: administrazioa, komunikazioa… eta baita ere formakuntza, lan komunitarioa… estipulatuta dugu egun zer ardura dituen bakoitzak enpresan, eta lanaldiaren zer ehuneko eskaintzen diogun lan mota bakoitzari, eta hurrengo hilabeteetako lanak aurreikusten eta orekatzen goaz”.
Erreminta honek ez du minutuz minutuko hiper-zehaztasuna bilatzen: “Egunean bost minutu baino gutxiago pasatzen ditugu taula hau betetzen. Adibidez, idatziko genuke: ‘Ordubete eskaini diot halako proiekturi, beste ordubete bilera honi’… eta baditugu zaku orokorrak ere, esaterako, emailak erantzuten ordu-erdi pasatu badut, ‘proiektuen kudeaketa’ zaku orokorrean jarriko nuke”.
Denbora ez da beti aurrekontuaren araberakoa
Excell taulan agertzen den “lan komunitarioak” laukitxoak, herri mugimenduek eskatu dizkieten eta kobratu gabe egingo dituzten lanak biltzen ditu: “Zehaztuta dugu langile bakoitzak urtean hainbat ordu inbertitu ditzakeela horietan”.
Proiektu bakoitzera bideratutako ordu kopurua beti ez da aurrekontuaren araberakoa: “Proiektu bati aitortu ahal diogu bestelako balio bat, guretzako aparteko interesa izan dezake eta kasu horretan agian ez dugu errentagarritasun ekonomikoa bilatuko. Baina taulak aukera ematen du kontrolatzeko, jakiteko proiektu batean pasatu egin garela orduetan eta saiatu behar dugula geratzen den ordu kopurua fintzen, edo alderantziz”.
Lan-taldean oreka sentsazioa mantentzeko
Erreminta honi esker, lanen aurreikuspena eta jarraipena erraz egiten dute. “Lan-taldean oreka sentsazioa mantentzeko oso ona da”.
Lantokian ez dute ordutegi finkorik eta langile bakoitzak antolatzen du egunean eguneko bere ordutegia: “Egun batean ordu gutxiago sartu ditzakegu lanean edo batere ez, bizitzako gorabeherei erantzuteko, eta beste egun batzuetan errekuperatu ordu horiek. Erraminta hau erabiltzen dugu norberak bere orduen kontrola eramateko”.
Aurrera begira
Taula horretatik atera daitekeen datu pila, bilera ezberdinetan aztertzen dute: proiektuen errentagarritasuna urtean behin begiratzen dute, baina langile bakoitza nola dabilen bi hilean behin… aurrera begira, informazio hori guztia modu sistematizatuagoan aztertzeko bidea egin nahi lukete.
Orduen kontrolerako erreminta garatuz jarraituko du Hiritik At-ek, helburua argi izanik: “Lanean ez gara aberastuko, baina egunean sei ordu eta hogei minutu lan egitea, soldata txukunarekin, kristorena da. Ekonomia sozial eraldatzailearen helburua izan behar du ez autoesplotazioan erortzea”.