OlatuKoopen bigarren urteurrenean, OlatuKoop Astea

Maiatzaren 14an bi urte beteko dira OlatuKoop aurkeztu genuenetik.

2014ko maiatzaren 14an hainbat lagun elkartu ginen Donostian, ilusioz beterik, ESE Ekonomia Sozial Eraldatzailean aurrerapausoak emateko asmoz. Ordutik, hamaika ekimenetan ibili gara. Egia esan, ez genuen espero hain azkar gure mezua hainbeste hedatzea, baina argi gelditu da gure jendarteak alternatibak behar dituela. Hori konprobatzeak lanean jarraitzeko indarrak eman dizkigu, baita orain arteko ibilbidea ospatzekoa gogoa ere.

Hala, datorren astea berezia izango da guretzat eta OlatuKoop Astea izendatzea erabaki dugu. Bi hitzordu garrantzitsu izango ditugu.

Maiatzak 10, Orereta-Errenterian

Oarsoaldeako Garapen Agentzia eta beste zenbait eragilerekin batera, Ekonomia Sozial Eraldatzailea eskualdeko garapen ereduaren erdigunean kokatzen hasteko jardunaldia antolatu dugu. Oarsoaldean lan egiten dugunontzat izugarrizko aurrerapausoa da, benetan.

Goizean eragile ekonomikoei zuzendutako jardunaldia da, eta arratsaldean publiko orokorrari irekia, Bartzelonako ESE komisionatu Jordi Viaren hitzaldiarekin. Hitzordu garrantzitsua da, apuntatu agendan.


Maiatzak 12, Taldeak Ahalduntzen Lakarin

Maiatzaren 12rako, ostegunerako, mahai-inguru bat antolatu dute Lakariko kideek (Zarautz), Emausekin lankidetzan: “Taldeak ahalduntzen elikadura burujabetzaren esperientzietatik“. Txileko Anamuri elkarteko (Asociación Nacional de Mujeres Rurales e Indígenas) kide bat Donostian dela baliatuta, Mirene Begiristain (EHUko irakaslea eta agroekologia ikerketetan dabilena) eta Arrate Iturberekin (Tolosako Azokako dinamizatzailea, besteak beste) batera, ahalduntzea eta feminismoa uztartuko dituzte mahai-inguru horretan.

Maiatzak 14, II. Sakontze Eguna Lakarin

Bigarren urteurrenaren egun berean II. Sakontze Eguna egingo dugu Lakarin.

Barne gaiez aritzeaz gain, ezagutu nahi gaituzuenekin ere egon nahi genuke. Oraindik ez dugu guztiz itxi egitaraua, baina goizetik elkartuko garela aurrera dezakegu. Animatu!

Scroll to Top