Nola eraiki ditzakegu bizitza erdigunean jarriko duten lurraldeak? Nola antolatu lurraldeetako gaitasunak eta ondasunak, gure beharrak modu demokratikoan eta burujabean asetzeko? Galdera horiei heltzen die Bizi nahi duten lurraldeak. Ekosistema burujabeak liburuxkak, Hiritik At kooperatibak egindako ikerketa eta lanketan oinarrituta.
Ekosistema burujabeak eraikitzeko hiru indargune nagusi identifikatu ditugu: herrigintza ekosoziala, udalgintza eraldatzailea eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE). Bakoitzak bere gaitasunak, baliabideak eta tresnak ditu, baina haien arteko elkarlana eta artikulazioa dira lurraldeak eraldatzeko gakoetako bat. Ez da nahikoa elkarlanerako une puntualak sortzea: lurraldean errotutako aliantza iraunkorrak eta gobernatzeko modu berriak eraiki behar ditugu.
Horretarako, lurraldea eta mihiztadura kontzeptuak proposatzen ditugu, bizitzaren aldeko indarrak, proiektuak eta gaitasunak nola artikulatu pentsatzeko. Kontzeptuetatik harago, Euskal Herriko esperientzia zehatzetara ere hurbildu gara, dagoeneko martxan diren ekimenek erakusten baitute posible dela udalaren, herri-ekimenaren eta kooperatibagintzaren arteko harreman berriak eraikitzea, elikadura, ekonomia eta lurraldearen burujabetza indartzeko.
Liburuxka hau Hiritik At-ek 2023an argitaratutako Ekosistema burujabeak. Lurralde burujabetza eraikitzeko mihiztadurak ikerketa mardulagoan oinarritzen da. Ikerketaren ondorioak ikus-entzunezko formatura ere eraman genituen, Bira Produkzioak kooperatibarekin elkarlanean egindako dokumentalaren bidez. Jatorrizko ikerketa eta dokumentala Hiritik At-en webgunean daude ikusgai: https://hiritik-at.eus/ekosistema-burujabeak/
Liburuxkak ez du errezeta itxirik eskaintzen. Aitzitik, gure lurraldeetan gertatzen ari dena ulertzeko, dauden indarguneak identifikatzeko eta trantsizio ekosozialaren aldeko aliantza berriak eraikitzeko ideiak eta tresnak partekatu nahi ditu. Azken batean, bizi nahi ditugun lurraldeak elkarrekin eraikitzeko gonbita da: dagoeneko baditugu horretarako hainbat osagai; erronka horiek estrategikoki —trantsizio ekosozialistaren bidean— mihiztatzea da.
Liburuxka Olatukoopen Pentsatuz ekin atalean dago eskuragarri: https://olatukoop.eus/pentsatuz-ekin/#argitalpenak




