Olatukoop sarearen irakurketa
Martxoaren 8 honetan, Olatukoop ESE sustatzeko sareko partaideok berresten dugu: beste mundu bat eraikitzen ari gara, eta feminismoa da gure iparra. Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen baitan dihardugunok badakigu lan mundua eremu estrategikoa dela berdintasunaren aldeko borrokan. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonial eta arrazistak bizitzak prekarizatu, zaintzak ikusezin bihurtu eta gorputz eta lurraldeak esplotatzen ditu. Horren aurrean, guk bizitzak erdigunean jartzen dituen ekonomia defendatzen dugu.
Ekonomia ez da neutroa. Antolaketa ekonomikoak botere harremanak sortu eta erreproduzitzen ditu. Horregatik, Ekonomia Sozial Eraldatzailetik argi dugu ezin dela eraldaketa sozialik egin eraldaketa feministarik gabe. Feminismoak erakutsi digu zaintza-lanak, komunitatea, elkartasuna eta interdependentzia direla bizitza sostengatzen duten oinarriak. Eta oinarri horiek jarri behar ditugu jarduera ekonomikoaren erdigunean.
Gaur egungo lan munduak bi gaitz nagusi uzten ditu agerian, eta Olatukoopen ere ez gara horietaz salbu. Batetik, lan banaketa sexuala: emakumeak sektore eta zerbitzu jakin batzuetan pilatzen dira, normalean prekarizatuak eta balio sozial txikikoak, eta beste eremu batzuetatik kanpo gelditzen dira. Gainera, lan erreproduktiboak aitortu gabeak dira, ordaindu gabeak eta emakumeen bizkar dira. Bestetik, soldata arrakala: aurrekoen ondorio zuzena ere bada, aitortza ekonomiko txikiagoa izaten baitute lan eta sektore feminizatuek.
Horrek desberdintasun eta zapalkuntza sistemak elikatu eta betikotzen ditu: patriarkatua, arrazakeria eta kolonialitatea. Izan ere, kapitalismo basati globalak eta goraka doan eskuin muturrak, merkatuaren logikari jarraiki, pertsonen eta herrien eskubideak arriskuan jartzen ditu, bereziki emakumeenak*, migratuenak, arrazializatuenak eta disidenteenak. Horregatik diogu ez dagoela ekonomia eraldatzailerik feminismorik gabe: botere harremanak zalantzan jarri behar ditugu, zaintzak erdigunean kokatu eta interdependetzia eta elkartasuna oinarri gisa hartu.
Ekonomia Sozial Eraldatzailean, eta bereziki kooperatibismoan, badugu aukera eta ardura bestelako praktikak eraikitzeko: lanaren eta boterearen banaketa parekidea sustatzeko, soldata arrakalari aurre egiteko, barne egituretan ikuspegi feminista txertatzeko eta eguneroko jardunean koherentzia lantzeko. Kooperatibak ere antolatu eta borrokatu behar dira; egiturak ez dira berez neutralak. Baina badakigu posible dela, egiten ari garelako. Beste egiteko modu bat egingarria da eta egunero praktikan jartzeko ahaleginetan gaude.
Antolakuntza da gure indarra. Sarean, kolektiboki eta ikuspegi feministatik jardunez, lan mundua bera eraldatzeko bidean gaude. Berdintasun formala ez ezik, berdintasun materiala eta benetakoa nahi dugu.
Ekintzara deia
OlatuKoop-en argi dugu: beste mundu bat eraiki nahi badugu, feminismoa ezinbesteko iparra da. Ekonomia ez da neutroa; antolatzen dugun moduaren arabera, desberdintasunak sortu edo gainditu egiten dira. Horregatik, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailetik bizitzak erdigunean jarriko dituen praktika eta harremanak sustatzen saiatzen gara.
Gaur egungo lan munduak oraindik ere arrakala handiak agerian uzten ditu: lan banaketa sexista, zaintza lanen aitortza eza eta sektore feminizatuen gutxiespena, besteak beste. Egoera horiek ez dira kasualitatea, botere harreman jakin batzuen ondorio baizik.
Horren aurrean, kooperatibismoak eta ekonomia eraldatzaileak beste modu batzuk praktikatzeko aukera ematen digute: elkartasunean, interdependentziaren aitortzan eta zaintzen balioan oinarritutako jarduerak eraikitzeko.
Saretuta, kolektiboki eta ikuspegi feministatik, lan mundua eta ekonomia bera eraldatzeko bidean jarraitzen dugu.
Guk ere mundua geldituko dugu, mundua mugitzeko.
📣 Kalean ikusiko gara:
- Bilbo – 19:30, Arriaga plazatik
- Donostia – 19:30, Bulebarretik
- Gasteiz – 20:00, Andre Mari Zuriaren plazatik
- Iruñea – 20:00, Gazteluko plazatik
- Baiona – 18:30, Herriko Etxetik
Bizitza erdigunera!
Feminismoa aurrera!



