OlatuKoop sareak lehen topaketa egin zuen atzo: OlatuKoop I. Saretze Eguna. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen bidean lan egiteko borondatea duten hainbat ekimenetako kideak elkartu ginen, 2016 Gunean (Easo 43, Donostia). Bertaratu ginenek proiektua ezagutzeko aukera izan genuen, eta proiektuaren lan ildoak eztabaidatu genituen.
Elkar ezagutzeko talde dinamika batekin hasi genuen eguna. Hainbat kooperatibatako kideak geunden bertan, hala nola: Talaios, Sorginetxe, Aztiker, Biantik, Uztarri, Lakari, Artezi, Koop 57…
Ponentzia laburren txanda iritsi zen gero: proiektuak, ideiak, dudak, proposamenak… plazaratu genituen. Honakoak:
- Koop57 Finantza zerbitzu etiko eta solidarioen esperientzia – Liher Gonzalez (Koop57EH).
- Saretze eguneko aurkezpena Ion Turrillas (Biantik).
- Garo ekintzailetza kooperatiborako metodologia irekia – Beñat Irasuegi (Talaios).
- Interkooperatibismoa eta OlatuKoop – Gorka Julio (Talaios).
Oinarri irekiak eta logoa
OlatuKoop sortzerakoan, oinarri ireki batzuk proposatu genituen. Atzo, oinarri irekien gaineko eztabaida ireki genuen. Bertan geunden eragileek bere horretan onartu zituzten:
- Komunitatea osatzen duten kideek, auto-eraketa posible egiten duten erakundearen jabetza eta erabakitzeko ahalmen osoa dute, demokrazia ekonomikoaren eta pertsona bat bozka bat irizpideei jarraiki.
- Komunitatea osatzen duten kideek, auto-kudeaketarako beharrezkoa informaziora, ezagutzara, kudeaketa datuetara, baliabideetara eta horien erabilerara atzipen osoa eta zuzena izango dute, gardentasun irizpideei jarraiki.
- Komunitateak, beharrezko baliabide guztiekin, elkartasun pertsonala zein komunitarioa sustatuko ditu, aberastasun banaketa orekatua eta autonomia irizpideei jarraiki.
- Komunitateak, ondare komuna eta jasangarritasuna sustatzeko konpromisoa hartuko du, baita bere komunitatearentzako, inguruko sarearentzako eta bere ekimenak gauzatzen dituen jendartearentzako ongizatea bilatzeko ardura ere.
Sarearen logoa ere aukeratu genuen. Bi irudiren artean hau aukeratu genuen:
Ildo estrategikoez eztabaidatu genuen gero: interkooperatigintzaz, ekintzailetzaz, eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen sustapenaz eta hedapenaz. Egin beharreko hurrengo urratsak ere adostu genituen, baina horiek aurrerago jakinaraziko ditugu.
Eguna borobiltzeko, 19:00etan Jordi GarcÃa Jane-k Ekonomia solidarioa, beste ekonomia baten ernamuina? hitzaldia eman zuen.
Ideiaren jatorria, izaera
Aurreko maiatzean aurkeztu genuen OlatuKoop sarearen ideia. Bertan bildu ginen enpresa, proiektu, kooperatiba eta sindikatuak ideia nagusi horrekin bat egin eta ekonomia sozial eta eraldatzailearen bidean lan egiteko borondatea azaldu genuen.
Baina, zer da Olatukoop?
Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.
Euskal Herriak ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako olatu kooperatibo berri bat behar duela uste dugu. Horretarako, lehenik, Euskal Herrian izandako ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibismoaren memoria modu integralean berreskuratzea da asmoa. Horrekin batera, lanean modu aktibo eta banatuan jarduten duten ekimen ekonomiko eraldatzaileak eta kooperatiboak bistaratu nahi genituzke.
OlatuKoop sarea irekia da, eta ez du kideei ziurtagiria emango dien egitura zentralizatzailerik izango. OlatuKoop Oinarri Irekiak bere egitean, enpresa proiektu/komunitate bakoitza sareko kide izatera pasatuko da. Oinarri horiek betetzen direla sareko beste kideek bermatuko dugu, modu kolektiboan.
Proiektu berriak
Dagoeneko jardunean dauden proiektuez gain, ekonomia sozial eta eraldatzailearen oinarriekin bat datozen proiektu berriak landu eta sustatu nahi ditugu. Horretarako, beharrezkoa da orain arteko ekintzailetza ereduez gain, ekintzailetza eredu kooperatibo berri bat proposatzea eta hedatzen hastea.
Benetako eraldaketa sozial eta ekonomikoa egungo botere harreman bidegabeak botere harreman parekideengatik ordezkatuz bakarrik lortuko dugula uste dugu. Etorkizun berri horiek ikertzen hasteko tresna ere bada OlatuKoop.