FITXA
Zer egiten du: Komunikazio zerbitzuak eta burutazio propioak. Klase guztietako ikus-entzunezkoak, diseinu lanak, komunikazio-estrategiak…
Langile edo bazkideak: 5.
Noiz sortua: 2016an.
Egoitza: Donostian.
Harremanetarako: 943 47 48 01 info@hirudamatxo.eus
“Guretzat balio handiena duena da badakigula bakoitzaren premiak eta egoerak kontuan hartzen eta horietara moldatzen”. Hiru lagunen artean jarri zuten martxan Hiru Damatxo, eta laguntasun horretatik, naturala egin zitzaien konfiantzan oinarritutako funtzionamendua, lanekoak ez diren beste premiak kontuan hartzen dituena… geroztik hiru baino gehiago dira damatxoak eta pozik daude jakin dutelako lagun arteko funtzionamendu hori eramaten proiektura geroago batu diren pertsonengana: “Horiei ere espazio hori ematen eta beraien beharrak ere erdian jartzen”, eta hasieran bezala konfiantzatik eginaz, sistematizatu gabe.
Ikasturte honetan kimu-berritu da taldea: irailean bi lankide berri sartu dira eta kide beterano batek utzi du, tesia egiteko. “Nahiz eta pandemia testuingurua ez zen batere aproposa horretarako, boskotea taldean oso ongi trinkotu da. Lehengo talde dinamika mantentzeaz gain, dinamika berri bat hasi dugu”. Lehen hilabete horietan lehentasuna eman zioten kide berriak taldean sartzeko prozesua zaintzeari, ahalik gehien presente egonaz: “Uda amaierak horretarako aukera eman zigun eta baliatu genuen, eta behin martxa hartuta, bada denbora gutxiago ematen dugu elkarrekin baina sendo jarraitzen dugu”.
Gauza gehiagotara egotea, joatea eta itzultzea
“Ikuspegi jakin batetik eta euskaratik sortutako ikus-entzunezko lanak egiten ditugu, baina hori bezain garrantzitsua da guretzat bidea, bizigarria den proiektu bat izatea, eta bizigarria izateak eskatzen du proiektuei ez erabateko lehentasuna ematea”. Hiru Damatxo “taldea osatzen dugunok ongi bizitzeko espazioa da”. Azaldu dutenez, askotan lehenetsi dute taldeko kideen ongizatea anbizio handiko proiektuei heltzea baino: bat urtebeterako joan zen kanpora eta erraztasunak jarri zizkioten horretarako; beste kide batek bere ibilbide pertsonalean gehiago inplikatu nahi izan zuenean egokitu egin ziren Hiru Damatxo utzi beharrik izan ez zezan; denek berdin kobratzen dute baina gorabehera ekonomikoak egon direnean modua bilatu dute batzuek lehenago kobratu zezaten…
Konfiantza da gakoa
“Ez dugu sistematizatuta. Talde txikia gara, bilerak konfiantzan egiten ditugu eta hor mahai-gaineratzen ditugu bakoitzak gure premiak. Joera edo ohitura hori hasieratik daukagu baina ez dago araututa”. Kasu bakoitzari egokien zitzaion formularekin erantzun diote: proiektuan inplikazio maila desberdinak ezarriz, ordutegiak eta lan egiteko lekuak egokituta… “Guretzat garrantzitsua da astean behin edo birritan elkartzea, eta aurrez aurre egitea taldearen jarraipena eta proiektuen sormena; baina hortik aurrera oso malguak gara bakoitzak behar eta nahi duen tokitik lan egin ahal izan dezan”.
Nolako lanak egin eta nola
Urte eta erdiko gogoetan sakondu dute zein bideren aldeko apustu egin nahi duten: sareko ikusentzunezkoak: “Eguneroko kontsumoan sareko ikusentzunezkoetan gabezia handia dago eta hor partida garrantzitsua jokatzen da bai euskalgintzaren ikuspegitik, baita tokikotasunaren eta bertako erreferentzien ikuspegitik ere. Hor jarri dugu fokua, ez justu negozio aukera aurkitu dugulako, izan ere, egia esan ez da gaur egun proiektu bat lasai garatzeko eremua, baina bai uste dugulako etorkizunerako oso eremu garrantzitsua izango dela”.
Sareko ikus-entzunezko ekoizpenak egin nahi dituzte, baina eragile guztiak zainduta: “Normalean, ikus-entzunezko ekoizpenetan oso zaintza gutxi dago. Berandu ordaintzen da, gauzak ez dira garbi esaten, oso azkar egiten dira gauzak aurrekontu mugatuarekin, sektore hotza da azaleko harremanetan oinarritua… gu saiatzen gara horri buelta bat ematen eta beste era bateko harremanak izaten kontratatutako kolaboratzaileekin, aktoreekin… saiatzen gara beste modu bateko harremana egiten”.