FITXA
Zer egiten du: Finatza zerbitzu etiko eta solidarioak.
Partaideak: guztira 186. 160 bazkide kolaboratzaile eta 26 bazkide zerbitzu.
Egoitza: Donostian.
Harremanetarako: euskalherria@coop57.coop
Koop57 ez da banku bat, finantza kooperatiba bat baizik. Bere berezitasuna da finantziatzen dituen proiektuak etikoak eta kooperatiboak direla eta proiektu hauetako bakoitzari mailegua eman aurretik, sakon aztertzen dela proiektu horrek sozialki egiten duen ekarpena eta bere bideragarritasun ekonomikoa. Bertako kideek azaldu dutenez, “erreminta oso indartsua da burujabetzarako. Guk erabakitzen dugu gure aurrezkiekin zer finantziatzea izango den onuragarri Euskal Herriarentzat. Interkooperazioa praktikan jartzeko modu bat da, eta proiektu kooperatiboei independentzia ematen die diru kontutan, eta hori asko da gaurko munduan”. Zazpi urteotan, guztira 1.344.000 euro mailegatu dizkie Koop57k Euskal Herriko 36 proiekturi.
Duela 26 urte sortu zen Koop57 Katalunian, eta Euskal Herrian zazpigarren urtea du honakoa. Kooperatiba bakarra den arren, lursailka dago antolatuta eta Euskal Herri osoak lursail bat osatzen du. Euskal Herriko lursailean, beren aurrezkiak jartzen dituzten 160 “bazkide kolaboratzaile” daude eta finantziazioa jaso dezaketen 26 “bazkide zerbitzu”.
AURREZKIEKIN PROIEKTU EDERRAK SUSTATUZ: “BAZKIDE KOLABORATZAILE” IZAN NAHI?
Nork bere aurrezkiak Koop57n jarrita, une horretan behar ez duen diru horri erabilgarritasun handia emango dio herritarrak edo entitateak: finantziazioa behar duten Euskal Herriko proiektu kooperatiboei mailegua ematea. Edozein pertsona edo entitate izan daiteke bazkide kolaboratzaile: 300 euroko kapitala da jarri beharrekoa, eta hortik aurrera aukera dago nahi izanez gero aurrezkiak Koop57n jartzeko. “Biharko egunean aurrezkiak ateratzeko ez du inongo arazorik. Dirua ateratzen eta sartzen joan daiteke eta erabat utzi nahi badio kide izateari, kapitalean jarritako 300 euro horiek berreskuratzeko aukera dauka”. Bulego birtualaren bidez sartu edo atera daitezke aurrezkiak eta erreminta horren bidez jarraitu ditzake norberak bere diru mugimenduak.
Bazkide kolaboratzaile denak, sei hilero buletin bat jasoko du, zein proiekturi mailegua eman zaien eta beste hainbat informazio azalduz. Urtean egiten diren bi batzarretan parte hartu ahal izango du, bertan erabakiak hartzeko: “Inplikazio maila ezberdineko bazkideak daude. Batzuek aurrezkiak jartzen dituzte eta ez dute batzarretan parte hartu nahi”. Bazkide kolaboratzaile denei zabaltzen zaie Koop57ko hiru batzordeetan parte hartzeko aukera ere: batzorde soziala, batzorde teknikoa eta zuzendaritza.
(Webgunean dago informazio osoa eta bazkide kolaboratzaile egiteko aukera).
ZEIN PROIEKTURI EMAN MAILEGUAK? “BAZKIDE ZERBITZUAK”
Bazkide zerbitzuak, Koop57ren maileguak edo zerbitzuak erabili ditzaketen entitateak dira eta izaera juridiko jakin bat izan behar dute: kooperatiba, elkarte edo fundazioa. “Entitate asko finantziazioa eskatzeko egiten dira Koop57ko kide, baina beste batzuk ez. Egun batean finantziazioa behar badute hor dute erreminta bat eta bitartean hor dituzte bere aurrezkiak, beste proiektu batzuk finantzatu ahal izan daitezen”.
Adibidez, Euskal Udalekuak egiten diren Abaigar etxeko obra finantzatu du Koop57k, Boga garagardoa, EHNE Bizkaia, Zituene pasta ekologikoak, Asaken lan bertikalak, Consonni liburu edizioak, Tapuntu kooperatiba… guztira 1.344.000 euro utzi zaizkie mailegutan 36 proiekturi. Baina gehiago nahi dituztela diote Koop57ko kideek: “Une honetan Euskal Herriko lursailean aurrezki gehiago daude proiektuak baino. 1.703.000 euro ditugu aurrezkitan. Eta ez da hori helburua, Koop57ren helburua proiektuak finantzatzea da”.
OINARRI SOZIAL SENDOA IZATEA, MAILEGUEN ABALIK ONENA
Koop57n hiru lantalde daude: batzorde soziala, batzorde teknikoa eta zuzendaritza batzordea. Batzorde sozialak aztertzen du bazkide zerbitzu izan nahi duen entitatea bat ote datorren sozialki Koop57ren ereduarekin eta filosofiarekin. Hori jakiteko, bazkide izan nahi duen proiektuarekin elkartzen dira, kideei elkarrizketa egiten diete eta txosten bat egiten dute; ondoren, txosten horren gainean zuzendaritzak erabakitzen du bazkide izan daitezkeen edo ez. Zerbitzu bazkidea izateak ez du esan nahi ezinbestean mailegua eskatuko duenik, baina hala egiten duenean, batzorde teknikoa lanean hasten da, proiektua ekonomikoki bideragarria izan daitekeen edo ez aztertzeko. Honek ere txosten bat egiten du eta zuzendaritzak erabakitzen du mailegua eman edo ez. “Proiektu bakoitza ezagutzeko ahalegina egiten da, balorazioa alde sozialetik hasten da eta ondoren aztertzen da bideragarritasuna eta noski, mailegu bat emateko, proiektu hori bideragarria izan behar da”.
Koop57ren berezitasun bat da maileguak eskatzen dituenak abal mankomunatuak aurkeztu behar dituela, hau da, eskatu den diru kopuru hori osatu behar dutela fidantzetan proiektu horren alde dauden pertsonek eta entitateek, adieraziz fidatzen direla eta proiektu horrek onurak ekarriko dizkiola sektoreari edo ingurune bati eta prest dagoela ongi ez badoa diru kopuru bat jartzeko. “Abal mankomunatuak erakusten du sare bat badagoela mailegua eman zaion proiektu horren atzean, oinarri bat baduela”.
HAUSPOTU (UDALBILTZA)
“Hauspotu programan parte hartu dugu, 250.000 euroko kreditu lerro bat ahalbidetuz, despopulazioa eta zerbitzu falta duten Euskal Herriko zenbait eskualdeetan ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak sustatzeko”.
OLATUKOOP
“Olatukoop funtsa eratzen lagundu dugu. Ekonomia sozial eraldatzaileko sare horretan interkooperazio mekanismo propioak lantzen ari dira. Mutualismo tresnen bidez, ekonomia sozial eraldatzailearen erresilientzia eta elkarlanean autonomia garatzea da helburua. Koop57k elkarlan ekonomiko hori errazteko kreditu lerro bat ahalbidetuko du”.
FUNDAZIOA
“Helburua da kooperatiba bat iristen ez den lekura iristea, Coop57k egiten duen lanaren paraleloan. Intersekzio beretik –kooperatibagintza, finantza etikoak, ekonomia eraldatzailea– eta helburu beretatik: eraldaketa soziala, kooperatibagintza sustatzea eta ekonomia sozial eraldatzailera eragile berriak erakartzea. Ikuspuntu erabat postkapitalista, feminista, ekologista eta antiarrazista izanda, gaur egungo munduaren behar eta larrialdiei erantzunak emateko. Fundazioak etorkizuneko erronkei ere aurrea hartu nahi die, demokrazio politiko, sozial eta ekonomiko osoaren hortzimugan gabeziak antzeman eta berrikuntzak egiteko”.