Aurkezpena

Olatukoop sarea Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) jarduten dugun kooperatibek, elkarteek, eta beste hainbat erakunde komunitariok osatzen dugu. Eta helburua Euskal Herriko sozioekonomia eta lurraldeak eraldatzea da, bizitza bizigarriak posible egiteko.

Elkarrekin pentsatutakotik praktika berriak martxan jartzen ditugu, zer eta nola galderei erantzunez.

Nolakotasuna antolaketa kolektiboak ematen digu, proiektuz proiektu Euskal Herri osoan zabaltzen doan sarea errizoma bihurtuz eta interkooperazioa egituratuz. Formazioa da gure lurra, eta horregatik ezinbestekoa zaigu gure oinarri irekiak barneratu eta erreproduzitzea, eta konpromiso sendoek bultzatuta, elkartasuna dimentsio desberdinetan zabaltzea; harreman afektiboen saretik hasi, lurralde eta ekosistema kooperatiboetan jarraitu, eta jendarte osoaren ongizate baldintzetan eragiteraino. Ez dago proiektu kooperatiborik kooperatibista eta interkooperaziorik gabe.

Zer egin galderari erantzunez, berriz, bizitzarako burujabetzak dira gure ardatz estrategikoa, ekonomia herritarrontzat berreskuratu, eta behar eta desioen ikuspegi emantzipatzaile batetik gure auzo, herri eta bizi-arroetan lan eta bizitzeko aukerak sortu nahi ditugu. Proiektuak sortu, hauek elkarlanean jarri eta lurralde burujabeak garatu nahi ditugu, lurralde harremanak ere elkartasunetik begiratu eta inor atzean utzi gabe. Errizomek zuhaitzak, eta zuhaitzek baso bizigarriak sortzea da gure utopia xumea.

Oinarri irekiak

01
Lana bizitza-proiektuaren baitan dagoela ulertzen dugu eta lanaren bitartez, gure beharrak eta desioak betetzen ditugu, lan produktiboa eta erreproduktiboa bereizketatik harago. Helburua bizitzaren bizigarritasunean positiboki eragiten duten praktikak erdigunean jartzea da, eta, beraz, egunerokoan, ekonomia sozial, eraldatzaile, kooperatibo, (trans)feminista, euskaldun, antiarrazista eta dekolonialaren alde lan egiten dugu.
02
Ekonomia gure bizitzaren zerbitzura jartzeko lana modu burujabean egiten dugu, hau da, lanaren inguruko erabaki nagusiak langileon esku daude. Lanaren ikuspegi integrala barneratu eta auto-eraketa eta harreman ez kapitalistak oinarri hartuta, lan duina eta komuna sortu, kudeatu eta birsortzen dugu.
03
Gure helburua baliabide produktiboen eta erabaki hartze prozesuen jabegoa eta kontrola kolektiboki kudeatzea da, partaidetza integrala, demokrazia ekonomikoa, berdintasuna, justizia soziala eta iraunkortasun ekonomikoa irizpide hartuta. Horretarako, informazio gardena, errenta eta emaitzen banaketa justua, eta berdintasun-praktikak gure oinarrietan daude, proiektuko zein komunitateko kideen arteko elkartasun-mekanismoak sustatuta.
04
Gure proiektu eta komunitateetatik inguruko beste eragile ekonomiko eta sozialekin interkooperazioa garatzen dugu, etorkizunera begira elkarlan-mekanismo eta ondare zein sare komun iraunkorrak sortzeko. Gainera, finantza etikoak erabiliz eta harreman ez merkantilizatuak sustatuz, autonomia eta finantza-bideragarritasuna bermatzen duen pluraltasun ekonomikoa lantzen dugu.
05
Gure egitasmoek lurraldeko eraldaketa prozesuetan aktiboki parte hartzen dute, kapitalismoak alde batera uzten dituen bizitza eta lurraldeak erdigunera ekarri eta etorkizun burujabeak eraikitzeko. Horretarako, gure auzo, herri eta eskualdeetako ehun sozioekonomiko eta politikoan parte-hartu eta saretzen gara eta tokiko kultura eta ondare komunari ekarpena egiteko konpromisoa dugu.
06
Iraunkortasun ekologikoa ere gure jardueren oinarri da: energia eta materialen erabilpen jasangarria, berrerabilpena, hondakinen kudeaketa eta merkaturatze-bide laburren kontrola dira gure konpromisoak, oreka ekologikoa lortzea helburu izanik.

Lan-ildo estrategikoak

Eredu propioaren eraikuntza
Eragile politiko gisa intzidentzia politikoa bilatzen duen proiektua gara, gizarteko eztabaida sozioekonomikoetan parte hartuz eta burujabetza eta gizarte eraldaketaren helburuen alde eraginez.
Ekintzailetza Sozial Kooperatiboa
Jendartearen ongizatea eta tokiko ekosistema eraldatzailea sustatzeko jarduera sozioekonomiko edo soziokomunitario berriak martxan jartzeko aukera eskaintzen dugu, ekintzailetza bizi proiektu gisa ulertzen dugun eredu honen bitartez.
Interkooperazioa eta Mutualismoa
Elkar laguntza eta mutualismoa egituratu nahi dugu, maila anitzetako sare kooperatiboak indartuz. Interkooperazio hori eman liteke elkartasunerako tresna partekatuak sortuz, sare kooperatiboak osatuz, sarearen baitan mekanismo konkretuak sortuz (finantzarioak, antolakuntza mailakoak, etab.), edo sarerik osatu gabe ikuspegi berdina duten elkarteen ekintza komunen bitartez.
Lurraldea eta Eraldaketa soziala
Tokian tokiko garapen iraunkorra eta komunitarioa bultzatuta gure ingurumenarekiko, eta inguru sozial, ekonomiko eta politikoarekin konpromisoak gauzatu nahi ditugu, gizartearekiko beharrezkoak diren eraldaketak lortzeko bidean, ESE paradigmaren baitan lan eginez.
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bisibilizazioa eta memoria kooperatiboaren berreskuratzea
ESEaren inbisibilizazioa beti izan dugu kezka iturri, eta hortik sortu zen kolektiboak identifikatzeko maparen ideia, gaur egun Batura.eus-en ikus daitekeena.Dozenaka enpresa, proiektu, ekimen eta sarez osaturiko ekonomia erreal bat garen arren, oraindik ez dugu lortu herritar gehienek ekonomiaz duten imajinarioan sartzea. Eta honekin batera, atzera begiratu eta Euskal Herriko memoria kooperatiboaren errelatoa hobeto kokatu nahi dugu, aniztasun eta historia oso aberatsa baitauka kooperatibagintzak Euskal Herrian eta historia horretatik asko ikasiko dugulakoan gaude.
Bizitza Bizigarriak eta Kooperatibismoa denontzat
Bizitzaren sostengurako berebizikoak diren zeregin produktiboak zein erreproduktiboak (norbanakoa, taldea eta komunitatea) aitortu, balioan jarri eta bermatzea da helburua; hau da, baliabide materialak zein bizitzarako beharrezkoak diren beste hainbat eremu (harremanak, zaintzak, motibazioak...) kontuan hartuko dira. Horretaz gain, ESE eta kooperatibismoa kolektibo guztietara irisgarri izatea dugu helburu.

Ekonomia Sozial Eraldatzailea

Bizitza mantentzea eta hobetzea helburu bakarra izango duen sistema sozioekonomiko alternatibo baterantz jo nahi duten ekimenen multzoa da; horrek eta ez bestek izan beharko luke-eta ekonomiaren (adjektiborik gabe) jomuga.

Bokazio eraldatzailea duten ekonomia sozialeko erakunde eta praktikak honetan bereizten dira ekonomia sozialaren barruan sartzen diren gainerako erakundeetatik: batetik, irabazien gainetik pertsonen beharrizanak asetzea dutela lehentasun, eta, bestetik, indarrean dagoen ekonomiaren eta gizartearen eraldaketa bilatzen dutela. Esan nahi baita: aurrera egin nahi du ekonomia sozialean, baina ekonomia kapitalistaren alternatiba gisa, eta ez hura legitimatzeko.

Charles Gidek zioenez, “kooperazioa (edo lankidetza) bazkideen mesederako elkartea da, baina kooperatibismoa gizarte-emantzipazioko sisteman oinarritutako lankidetza da”. Ekonomia Sozial Eraldatzaileak eraldaketa edo emantzipazio sozialaren du xede.

ESEan ekiteko, gainera, funtsezkoa da ekonomiaren oinarrizko hiru faktoretan eraldaketa bilatzea: lan burujabea, jabetza kolektiboa-komunitarioa eta erabilera-balioa.

ESEaren apustua ekoizpen-unitate demokratiko, autonomo eta jasangarriak sortzea da, mozkinen kontrol kolektiboa sustatuko duena, kontsumo kritikoa sustatuko duena, finantza-sistema etikoak sortu eta erabiliko dituena, bidezko banaketa-formulak bilatzen dituena, lurraldea eta eraldaketa soziala sustatu eta bizitza erdigunean jarriko dituena.

Ekonomia sozialeko proiektu batek bere helburuak ESEren ikuspegitik lortu nahi baditu, honako 5 irizpide hauen arabera aritu beharko du:

Nor gara

60tik gora gara orain Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bueltan saretuta gabiltzan kooperatibak, herrigintza elkarteak eta eragile sozioekonomiko kooperatiboak. Guztira 600 langile inguru gara eta, horrez gain, Olatukoopeko kide edo bazkide diren kontsumo kooperatiben baitan biltzen diren hainbat eta hainbat bazkide erabiltzaile edo zerbitzu bazkideak.

Bazkide, kide eta lurralde-sareak:

Izan errizoma

Olatukoopeko kidetzaren batean parte hartzeko Ekonomia Sozialeko forma juridikoren bat izatea izango da oinarri, baina salbuespenak egingo dira hainbat kasutan, eraldaketarako bokazioa eta interkooperazio irizpideei jarraiki.

Hiru modutan hartu dezakezue parte:

  • Bazkidea(k): erabakimenaren % 60a.
  • Kidea(k): erabakimenaren % 20a.
  • Lurralde-sarea(k): erabakimenaren % 15a.
  • Langilea(k): erabakimenaren % 5a.

Batzarra da Olatukoopeko organo gorena, nahiz eta lantaldeak eta barne-interkooperazio sareak dauden egunerokotasunean lan egin eta Batzarrak zehaztutako estrategia aurrera eramateko.

Scroll to Top