Aurkezpena
Olatukoop sarea Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) jarduten dugun kooperatibek, elkarteek, eta beste hainbat erakunde komunitariok osatzen dugu. Eta helburua Euskal Herriko sozioekonomia eta lurraldeak eraldatzea da, bizitza bizigarriak posible egiteko.
Elkarrekin pentsatutakotik praktika berriak martxan jartzen ditugu, zer eta nola galderei erantzunez.
Nolakotasuna antolaketa kolektiboak ematen digu, proiektuz proiektu Euskal Herri osoan zabaltzen doan sarea errizoma bihurtuz eta interkooperazioa egituratuz. Formazioa da gure lurra, eta horregatik ezinbestekoa zaigu gure oinarri irekiak barneratu eta erreproduzitzea, eta konpromiso sendoek bultzatuta, elkartasuna dimentsio desberdinetan zabaltzea; harreman afektiboen saretik hasi, lurralde eta ekosistema kooperatiboetan jarraitu, eta jendarte osoaren ongizate baldintzetan eragiteraino. Ez dago proiektu kooperatiborik kooperatibista eta interkooperaziorik gabe.
Zer egin galderari erantzunez, berriz, bizitzarako burujabetzak dira gure ardatz estrategikoa, ekonomia herritarrontzat berreskuratu, eta behar eta desioen ikuspegi emantzipatzaile batetik gure auzo, herri eta bizi-arroetan lan eta bizitzeko aukerak sortu nahi ditugu. Proiektuak sortu, hauek elkarlanean jarri eta lurralde burujabeak garatu nahi ditugu, lurralde harremanak ere elkartasunetik begiratu eta inor atzean utzi gabe. Errizomek zuhaitzak, eta zuhaitzek baso bizigarriak sortzea da gure utopia xumea.
Oinarri irekiak
Lan-ildo estrategikoak
Ekonomia Sozial Eraldatzailea
Bizitza mantentzea eta hobetzea helburu bakarra izango duen sistema sozioekonomiko alternatibo baterantz jo nahi duten ekimenen multzoa da; horrek eta ez bestek izan beharko luke-eta ekonomiaren (adjektiborik gabe) jomuga.
Bokazio eraldatzailea duten ekonomia sozialeko erakunde eta praktikak honetan bereizten dira ekonomia sozialaren barruan sartzen diren gainerako erakundeetatik: batetik, irabazien gainetik pertsonen beharrizanak asetzea dutela lehentasun, eta, bestetik, indarrean dagoen ekonomiaren eta gizartearen eraldaketa bilatzen dutela. Esan nahi baita: aurrera egin nahi du ekonomia sozialean, baina ekonomia kapitalistaren alternatiba gisa, eta ez hura legitimatzeko.
Charles Gidek zioenez, “kooperazioa (edo lankidetza) bazkideen mesederako elkartea da, baina kooperatibismoa gizarte-emantzipazioko sisteman oinarritutako lankidetza da”. Ekonomia Sozial Eraldatzaileak eraldaketa edo emantzipazio sozialaren du xede.
ESEan ekiteko, gainera, funtsezkoa da ekonomiaren oinarrizko hiru faktoretan eraldaketa bilatzea: lan burujabea, jabetza kolektiboa-komunitarioa eta erabilera-balioa.
ESEaren apustua ekoizpen-unitate demokratiko, autonomo eta jasangarriak sortzea da, mozkinen kontrol kolektiboa sustatuko duena, kontsumo kritikoa sustatuko duena, finantza-sistema etikoak sortu eta erabiliko dituena, bidezko banaketa-formulak bilatzen dituena, lurraldea eta eraldaketa soziala sustatu eta bizitza erdigunean jarriko dituena.
Ekonomia sozialeko proiektu batek bere helburuak ESEren ikuspegitik lortu nahi baditu, honako 5 irizpide hauen arabera aritu beharko du:
Nor gara
60tik gora gara orain Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bueltan saretuta gabiltzan kooperatibak, herrigintza elkarteak eta eragile sozioekonomiko kooperatiboak. Guztira 600 langile inguru gara eta, horrez gain, Olatukoopeko kide edo bazkide diren kontsumo kooperatiben baitan biltzen diren hainbat eta hainbat bazkide erabiltzaile edo zerbitzu bazkideak.
Bazkide, kide eta lurralde-sareak:
Izan errizoma
Olatukoopeko kidetzaren batean parte hartzeko Ekonomia Sozialeko forma juridikoren bat izatea izango da oinarri, baina salbuespenak egingo dira hainbat kasutan, eraldaketarako bokazioa eta interkooperazio irizpideei jarraiki.
Hiru modutan hartu dezakezue parte:
- Bazkidea(k): erabakimenaren % 60a.
- Kidea(k): erabakimenaren % 20a.
- Lurralde-sarea(k): erabakimenaren % 15a.
- Langilea(k): erabakimenaren % 5a.
Batzarra da Olatukoopeko organo gorena, nahiz eta lantaldeak eta barne-interkooperazio sareak dauden egunerokotasunean lan egin eta Batzarrak zehaztutako estrategia aurrera eramateko.