Ekonomia eta lurralde eraldatzaileen errizoma

Olatukoop sarea Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) jarduten dugun kooperatibek, elkarteek, eta beste hainbat erakunde komunitariok osatzen dugu.

Helburua Euskal Herriko sozioekonomia eta lurraldeak eraldatzea da, bizitza bizigarriak posible egiteko. Elkarrekin pentsatutakotik praktika berriak martxan jartzen ditugu, zer eta nola galderei erantzunez.

Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE)

Bizitza mantentzea eta hobetzea helburu bakarra izango duen sistema sozioekonomiko alternatibo baterantz jo nahi duten ekimenen multzoa da; horrek eta ez bestek izan beharko luke-eta ekonomiaren (adjektiborik gabe) jomuga.

Bokazio eraldatzailea duten ekonomia sozialeko erakunde eta praktikak honetan bereizten dira ekonomia sozialaren barruan sartzen diren gainerako erakundeetatik: batetik, irabazien gainetik pertsonen beharrizanak asetzea dutela lehentasun, eta, bestetik, indarrean dagoen ekonomiaren eta gizartearen eraldaketa bilatzen dutela. Esan nahi baita: aurrera egin nahi du ekonomia sozialean, baina ekonomia kapitalistaren alternatiba gisa, eta ez hura legitimatzeko.

Nor gara

60tik gora gara orain Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bueltan saretuta gabiltzan kooperatibak, herrigintza elkarteak eta eragile sozioekonomiko kooperatiboak. Guztira 600 langile inguru gara eta, horrez gain, Olatukoopeko kide edo bazkide diren kontsumo kooperatiben baitan biltzen diren hainbat eta hainbat bazkide erabiltzaile edo zerbitzu bazkideak.

Bazkide, kide eta lurralde-sareak:

Oinarri irekiak

01
Lana bizitza-proiektuaren baitan dagoela ulertzen dugu eta lanaren bitartez, gure beharrak eta desioak betetzen ditugu, lan produktiboa eta erreproduktiboa bereizketatik harago. Helburua bizitzaren bizigarritasunean positiboki eragiten duten praktikak erdigunean jartzea da, eta, beraz, egunerokoan, ekonomia sozial, eraldatzaile, kooperatibo, (trans)feminista, euskaldun, antiarrazista eta dekolonialaren alde lan egiten dugu.
02
Ekonomia gure bizitzaren zerbitzura jartzeko lana modu burujabean egiten dugu, hau da, lanaren inguruko erabaki nagusiak langileon esku daude. Lanaren ikuspegi integrala barneratu eta auto-eraketa eta harreman ez kapitalistak oinarri hartuta, lan duina eta komuna sortu, kudeatu eta birsortzen dugu.
03
Gure helburua baliabide produktiboen eta erabaki hartze prozesuen jabegoa eta kontrola kolektiboki kudeatzea da, partaidetza integrala, demokrazia ekonomikoa, berdintasuna, justizia soziala eta iraunkortasun ekonomikoa irizpide hartuta. Horretarako, informazio gardena, errenta eta emaitzen banaketa justua, eta berdintasun-praktikak gure oinarrietan daude, proiektuko zein komunitateko kideen arteko elkartasun-mekanismoak sustatuta.
04
Gure proiektu eta komunitateetatik inguruko beste eragile ekonomiko eta sozialekin interkooperazioa garatzen dugu, etorkizunera begira elkarlan-mekanismo eta ondare zein sare komun iraunkorrak sortzeko. Gainera, finantza etikoak erabiliz eta harreman ez merkantilizatuak sustatuz, autonomia eta finantza-bideragarritasuna bermatzen duen pluraltasun ekonomikoa lantzen dugu.
05
Gure egitasmoek lurraldeko eraldaketa prozesuetan aktiboki parte hartzen dute, kapitalismoak alde batera uzten dituen bizitza eta lurraldeak erdigunera ekarri eta etorkizun burujabeak eraikitzeko. Horretarako, gure auzo, herri eta eskualdeetako ehun sozioekonomiko eta politikoan parte-hartu eta saretzen gara eta tokiko kultura eta ondare komunari ekarpena egiteko konpromisoa dugu.
06
Iraunkortasun ekologikoa ere gure jardueren oinarri da: energia eta materialen erabilpen jasangarria, berrerabilpena, hondakinen kudeaketa eta merkaturatze-bide laburren kontrola dira gure konpromisoak, oreka ekologikoa lortzea helburu izanik.

Lan-ildo estrategikoak

Eredu propioaren eraikuntza
Ekintzailetza Sozial Kooperatiboa
Interkooperazioa eta Mutualismoa
Lurraldea eta Eraldaketa soziala
ESEaren bisibilizazioa eta memoria kooperatiboaren berreskuratzea.
Bizitza Bizigarriak eta Kooperatibismoa denontzat
Scroll to Top