Bloga

Lakari: “Elkar elikatzen duten burujabetzak”

FITXA

Lakari kooperatiba

Zer egiten du:  kontsumo-eredu jasangarria, tokiko laborantza iraunkorraren biziberritzea eta elikadura osasuntsua sustatzea helburu duen erosketa-, aholkularitza- eta heziketa-gune kooperatiboa da..

Langile eta bazkideak: 5

Egoitza: Zarautzen.

Harremanetarako: info@lakari.eus

 

Lakari kooperatiba elikagai denda bat baino gehiago da: elikadura-arloan zein ekintzailetza sozialean aholkularitza zerbitzua eta ekitaldietarako mokaduak ere eskaintzen ditu. Elikadura burujabetza du helburu, baina lantokian beste burujabetzak ere lantzen ari dira hasieratik: lanaren burujabetza, finantza burujabetza, energia, telekomunikazio eta teknologia burujabetzak.

 

Lakari sortzeko motiboa lanaren burujabetza izan zela azaldu digute kideek: «Hemen lan eta bizi nahi genuen, era burujabe batean». Proiektuari forma eman ostean, martxan jartzeko «guretzat handia zen inbertsioari» aurre egiteko mailegua eskatu behar izan zuten, eta finantza etikoen aldeko hautua egin zuten: «Fiarerekin egin genuen, hastapenetik finantza burujabetzaren bidea jorratu nahi genuelako». Gogoratu dute eztabaida sortu zela haien artean, «guretzat finantziazio beharra geneukalako eta zentimoari ere begiratu egiten geniolako; interes-tasak eta altuxeagoak izaten dira finantza etikoetan». Baina interesetan guztira aldea zenbatekoa izango zen aztertu zuten zehazki, «3.000 eurokoa zen aldea zazpi urtean, eta badakigu diru hori beste proiektu sozial eta eraldatzaileetara joango dela, aldiz, beste bankuetan ez dakigu diru hori zertan erabiltzen den eta kasu askotan, badakigu espekulaziorako edo armagintzarako ere erabiltzen dutela». Beste proiektuei laguntzeko argudioa gailendu zen eta horrela hartu zuten finantza etikoen aldeko erabakia. Baina aitortzen dute «banku tradizionaletara» jo beharra dutela egunerokorako, haiek baitira datafono zerbitzua eta kanbioak egiteko aukera eskaintzen dieten bakarrak, oraingoz.

Bestalde, denda jarri zuten lokalean ez zegoen argindarrik eta Iberdrolak zerbitzua ezartzearen ordainetan bi urtez bere bezero izatera behartu zituen. «Baina ahal izan genuen orduko Goienerreko bazkide egiteko apustu egin genuen, duela bi urte inguru». Aholkularitza-zerbitzua ere eskaintzen digute eta komunitate baten parte garela sentiarazi digute, hasiera-hasieratik.

«Hastapenetik teknologia burujabetza ere landu dugu» azaldu dute Lakariko kideek. Sorreratik, teknologia libreak garatu zein aholkularitza-zerbitzua eskaintzen dituen Olatukoopeko Talaios kooperatibarekin interkooperazio estua izan dute eta «haien aholkuz», hasieratik software librearen aldeko apustua egin zuten: bai dendan kobrantzak egiteko edo erosketak kudeatzeko darabilten programa (Odoo), eta baita ere lanerako erabiltzen dituzten ordenagailu guztietan duten softwarea librea da. «Orain dela bi urte, gainera, dokumentazio-biltegirako Nextcloud programaren aldeko hautua ere egin genuen, gure zerbitzari propioarekin; hori ere teknologia burujabetzarekin lotzen dugu».

Teknologiaren alorrean pauso bat gehiago ere ematea erabaki dute Jaki tresna propioarekin (lakari.eus/jaki). Jaki, asteko menu orekatuak, osasungarriak, prezioz duinak eta sasoiko produktuekin eginak lantzeko aukera ematen duen aholkularitza pertsonalizatua da. Hori posible izateko, ezinbesteko gertuko komunikazioaz gain, tresna teknologiko aurreratu bat garatzea lortu dute.

Azpimarratu nahi izan dute eremuz eremu burujabetzak lantzea «prozesu eta trantsizio etengabea» dela. Ezer ez dela perfektua eta «inkoherentziak kudeatzen jakin» behar dela, eta funtsean «egiteko moduak eta produktuak etengabe hobetzen» joatea dela gakoa.

Burujabetzetan azken jauzia telekomunikazioan eman dute, 2020an sortu den Abaila kooperatibaren eskutik: «Interneta beraiekin dugu. Lakariren egoitzan lekua utzi diegu beraien nodoa ezartzeko eta Arraio irrati librearen bidez Zarautzera seinalea zabaltzeko aukera dute». Abaila burokrazia lanak burutzen ari da telefonia zerbitzua ere eskaini ahal izateko, eta hori egiterik dutenean Lakarik haiekin kontratatuko du telefonia: «Eskualdekoak dira, gu Zarautzen gaude eta haiek Zumaian, eta lurralde burujabetzari erreparatuta erabaki dugu haiekin lan egitea».

Lakarikoek egunerokoan ikusten dituzte ekonomia sozial eraldatzailearen bidez ase nahiko lituzketen behar gehiago: «Erronka gisa, adibidez lan arriskuko prebentzio kontuetan eta ez dugu ikusten erreferentziazko inor. Beste adibide bat inprimagailuen errenta da, horrelako horniduretan hutsunea dagoela ikusten dugu. Ea norbait animatzen den». Ekonomia sozial eraldatzaileko beste eragileekin elkarlanean behar komunei erantzun bateratuak ematea amesten dute etorkizun batean. «Gure proiektuetan ditugun beharrei erantzuteko jada martxan baldin badago ekonomia sozial eraldatzaileko aukera, errazago ematen da burujabetzarako jauzia. Baina burujabetzarako aldaketak batez ere hausnarketa propiotik etortzen dira».

3

olatukoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


Leave a Reply