Bloga

Asteburuan Laudion Aiaraldeko Azoka Sozialaren lehen edizioa egingo dute, ‘Kontsumitzen duguna gara, bizitzeko alternatibak’ lemapean. Bizitza zein kontsumo alternatibak izango dira hizpide, mota horretako proiektuak garatzeko asmoa baitute eskualdean. Larunbatean tokiko ekoizleen eta proiektu eraldatzaileen azoka egingo dute. Aurkezpen maratoia ere prestatu dute, bizitzako hainbat esparrutan eragiten duten egitasmoak ezagutzera emateko: moneta sozialak, etxebizitza komunitarioak, […]

Hiritik At kooperatibak nekazaritza berpizteko prozesuetan jarduten du besteak beste. Lehen sektoreari lotutako idei-negozioak garatzeko programa diseinatu izan dute Mikel Valerok esan digunez, agro-ekologian eta ekonomia sozialean oinarrituta beti ere. Aurki, nekazaritza-produktuak banatzeko sistema bateratuan urratsak emango dituzte.

Kantina, liburu-denda, hitzaldietarako aretoa eta gainera argitaletxea ere bada Katakrak. Nerea Fillat editoreak esan digunez, Katakraken beste hanka bat da argitaletxea. Iruñean lan sozialei birika bat emateko bokazioz sortu ziren eta argitaletxeak hor duela bere lekua esan digu. Urte eta erdiko ibilbidean, hamabi liburu kaleratu dituzte.

Ekainaren 2an Iruñean egingo da Alternatiben Herria. Bilgune feministako kide eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako Amaia Zufiak aurreratu digunez, jendarte justu, solidario eta desiragarriagoa egiteko ‘gurean alternatibak badirela’ azaleratuko da. Proiektuak ezagutu, partekatu eta eztabaidatzeko bost gunez osatuko da. Noski, egunak ere festa kutsua izango du.

Proiektu ezberdinek euren produktuak harreman justuetan saltzeko ataria jarri du martxan Argiak: Azoka. Atari digital honen bidez, ekonomia eraldatzailean sortzen denaren erakusleiho izan eta saldu edo erosteko aukera ematen du. Urko Apaolazak esan digunez gainera, saldu edo erosteaz gain, aurki trukea egiteko eta behar ez dugun hori emateko aukera jarriko dute.

Proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa, Kooperatiba Fabrika martxan da. Iaz 20 proiektu baino gehiago abian jartzen lagundu ondoren, Arianne Kareaga Lanki Ikertegiko teknikariak esan digunez, aurten ere parte hartzearekin oso gustura daude. Komunitatearen beharretatik abiatu eta komunitatean saretzen da, autoeraketan oinarritutako eredu demokratikoa da eta proiektuaren bideragarritasuna hartzen dute kontuan.

Hilaren 24an Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian, ‘Nortasuna Sarean’ izeneko jardunaldiak antolatu ditu Tapuntu kooperatibak. Mikel Olaizek esan digunez, sarean egiten den lana ikusgarriago egiteko eta sarera edukia igotzeko orduan zure publikoarengana nola iritsi erantzuteko jardunaldiak izango dira. Hitzaldi eta solasaldia antolatu dituzte urririk, eta aldez aurretik apuntatu behar da bertara joateko.

Ekonomia sozial eraldatzailean oinarrituta, Izarkom kooperatiba sortu dute. Gari Garaialdek kontatu digunez, Euskal Herria osoan telefonia mugikorra, finkoa eta Internet zerbitzuak eskaintzen hasiko dira. Produktu komertzial gisa saldu ordez, eskubide gisa ulertzen dute Izarkomen komunikazioa. Tokian tokiko eragileekin hartu-eman handia izan nahi dute.

OlatuKoopeko partaide den Farapi kooperatibak enpresek uzten duten aztarna soziala aztertzeko Erantzunkidetasun Soziala neurtzeko tresna sortu du. Nicola Foronik esan digunez, enpresek zaindu beharrezko elementuak dituzte, tartean gizarteari edo inguruneari egiten dioten ekarpena. Hori neurtu eta ardura sozial hori egitera bideratzen dituzte Farapiko lagunek.

Landakon bertan kulturan digital askean diharduten pertsonen topaleku izaten da Kabi@ gunea. Baina horretan interesa dutenentzat ere badu eskaintza. Gorka Julio, OlatuKoop sareko Talaios kooperatibako kidea da antolatzaileetako bat. Esan digunez, Kabi@n bestelako aditzek dute pisua, “ekin eta egin” aditzek.