Bloga

Aztiker: “Lanak banatzerakoan plano emozionala eta arrazionala bereiztearen onurak”

FITXA

Aztiker kooperatiba

www.aztiker.eus

Zer egiten du: Gizarte ikerketa aplikatuak eta eskuhartzea.

Langile eta bazkideak: 8.

Noiz sortua: 2000n.

Egoitza: Andoainen.

Harremanetarako: idazkaritza@aztiker.eus

 

Aztiker: Lanak banatzerakoan plano emozionala eta arrazionala bereiztearen onurak

Aurten 20 urte bete dituen Aztiker kooperatibak egiten dituen proiektu gehienek lau-sei hilabeteko iraupena izaten dute. Horrek dakar maiz errebisatu behar izatea hurrengo hilabeteetan izango duten lan karga eta langileen arteko lan banaketa orekatzea. Beraz, Aztikerren ohikoa da langileek hurrengo hilabeteetarako lanaldia murriztea edo gehitzea, eta malgutasun hori, ordutegiarenarekin batera, asko estimatzen dute, bizitzako beste alorrekin uztartzeko. Bidean gako bat deskubritu dute: lan-kargetan erantzukizun pertsonala eta kolektiboa bereizteak korapilo asko askatzen dituela.

 

“Aztikerren hiru hilero errebisatzen ditugu lanak eta lanaldiak, ea orekatua den, eta ea langileren bat ordu gehiegi sartzen ari den. Eta horrez gain, langileren batek eskaera egiten duenean ere momentuan eusten zaio gaiari: esaterako, orain langile batek eskatu du lanaldi osotik lau ordukora pasatzea lau hilabeterako, familiako beharrei erantzuteko”. Lanaldia gehitzeko ere egiten dituzte aldaketak: “Adibidez, lan gehiago sartu bada, agian bost ordutara dauden bi langileri proposatzen zaie bi hilabetez zazpina ordu lan egitea, kanpoko pertsona bat ekarriz gero hura formatu egin behar delako”.

Aztikerreko kideek azaldu dutenez, malgutasun handiz kudeatzen dute lan bolumenen gaia, beti lehentasun gisa hartuta langileak epealdi horretarako dituen behar eta helburuak asetzea, hori bai, taldearen egoera (hau da, beste langileen behar eta egoerak) eta lan-kargak kontuan hartuta: “Demagun langile batek eskatzen duela: ‘nik 2021ean gehienez 6 orduko lanaldia egin nahi dut’. Saiatzen gara taldean lehenbailehen aztertzen ea denon artean nola egiten dugun hori posible. Aztertzen dugu ea zer lan egoera dagoen, bakoitzaren lanaldia zein den eta ikusten badugu guztion artean gai izango garela lanei erantzuteko, aurrera. Bestela, aztertzen da ea beste zer aukera dauden: errefortzurako lan-ordu batzuk kontratatzea…”.

“Oso kargatuta nagoen honetan: zer da nirea eta zer Aztikerrena?”

Taldeko orekak zaintzeko eta lanak birbanatzeko, dimentsio emozionala eta arrazionala bereiztea gakoa dela diote, eta horregatik, koordinazio bileretan hiru hilean behin eskema hau jarraitzen dute: lehenik hurrengo hilabeteetarako produkzio mapa aztertzen dute objektiboki, hau da, zein proiektu egingo dituzten, proiektu bakoitzak zenbat ordu eskatuko dituen lan fase bakoitzean, horretarako zein den lan banaketa eta ea lanak orekatuta dauden, langile bakoitzak zenbateko lanaldia izango duen… Ondoren dator eskaera eta proposamenen txanda, hau da, ea langile bakoitzaren nahiak eta behar pertsonalak asetzen al diren, edo lana birbanatu behar den, edo bestela errefortzuak bilatu. “Baina bereizten ditugu plano emozionala eta arrazionala, bestela elkarrizketetan nahastu egiten gara eta koktel hori ez dugu gustuko. Bi dimentsio horiek esplizituki bereiztea urrats bat izan da, bestela, norberari komeni zaionaren arabera baloratzen dira lan kargak, eta elkarrizketa horretan trabatzen gara”.

Hamabostean behin egiten dute produkzioaren jarraipen bilera, eta hor ikusten dute ea aurreikusitako orduetan hanka sartu duten, hau da, langileren bat aurreikusitakoa baino ordu gehiago sartzen ari den. Kasu horietan, idazkariak proposatuko dio langileari gehiegi sartutako ordu horien truke noiz jai egin, edo lanaldia nola murriztu bolada batez. “Asmatzen dugu hori orekatzen, baina beti daude boladak, pertsona bat kargatuko dena. Eta kasu horietan, asmatu dugu bereizten zer den pertsonala eta zer Aztikerrek sortutakoa; izan ere, pertsonaren izaerak badu bere eragina”. Adibide bat jarri dute: “Norberaren izaeraren arabera, gustuko lan batean ari garenean sarri emozionatzen gara eta bezeroari esaten diogu ez dakit zer egingo dugula, eta hori egiteak ondoren pertsonalki asko eskatzen digu, lehendik adostuta ez zegoena. Zer den langileak gehitu duena eta zer Aztikerrek egitera behartu duena, bi arlo horiek nahastea oso erraza da eta ez da justua Aztikerri botatzea norberak hartu duen erabakiaren ardura”.

Kargatuta dauden egoeretan, gaia talde handira eraman beharrean, saiatzen dira lankideren bati laguntza eskatzen eta hausnarketa egiten: “Egoera honi, pertsonalki nik zer gehitzen diot eta beraz ni zeren arduradun naiz, eta aldiz, zer da Aztikerrena eta beraz zer eskatu diezaioket Aztikerri konpontzeko?”. Esperientziaz konprobatu dutenez, “hori oso beharrezkoa da, joera indibidualak kolektibizatu nahi izatea edo kolektiboa erantzule egitea oso arriskutsua da. Gure arteko elkarrizketetan asmatu dugu bi planoak esplizitu egiten eta horretan ikasten ari gara”.

Ordutegia malgutasunez arautua

Langile bakoitzak bere ordutegia erabakitzen du, “baina proposatzen da, bai lan-giroari begira, eta bai talde bezala aritzeko, gutxienez hiru egunetan bulegoan lan egitea eta 10:00-14:00 bitartean gutxienez hiru ordu bulegoan egitea”. Gasteizen bizi denak hitzarmena du etxetik lan egin dezan, “eta besteok gehienez astean bi egunez egiten dugu etxetik lan. Zergatik? Proiektu gehienak ez direlako bakarka egiten, eta probatuta dugulako interakzio zuzenik gabe kalitatea galtzen dela. Horrela dugu araututa, baina aldi berean malgua da”.

Lanaldia murrizteko edo gehitzeko duten erraztasunarekin, eta ordutegiaren malgutasunarekin, erraz erantzuten diete zaharren eta umeen zaintzak ekartzen dituen laneko egokitzapenei: “Pertsonalki langile bakoitzak pisu handiago edo txikiagoarekin bizi ditugu zaintzak eta familiako gora beherak. Kontuan hartzen dira, eta langileari galdetzen zaio zer eskatzen dion Aztikerri egoera horretan dagoen bitartean, baina muga batekin. Adibidez, sei orduko lanaldia badu langile batek eta zailtasunak baditu hurrengo bi asteetan lanaldia betetzeko, aurreikusten da eta lanorduen poltsan zorpetuta geratzen da, eta aurrerago errekuperatuko ditu”.

0

olatukoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


Leave a Reply