Bloga

[2020-03-15] Olatukoopen manifestua COVID-19ak sortutako osasun-krisiaren aurrean

COVID-19aren eraginez sortutako osasun-krisiaren aurrean, Olatukoop sarea osatzen dugun enpresa komunitarioek hainbat hausnarketa eta konpromiso zabaldu nahi ditugu jendartera.

 

Hausnarketak

Hasteko, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen ikuspegitik hainbat hausnarketa plazaratu nahi ditugu.

Osasun-krisi honek lehen planora ekarri ditu hainbat gai; gure enpresa komunitarioan eta abian ditugun proiektuetan bereziki lantzen ditugun hainbat tarteko: zaintzaren zentralitatea, indibidualismoaren ahultasuna komunitatearen indar eraldatzailearekiko, pertsona/enpresa/erakundeen askotariko sareak jostearen garrantzia, erresilientzia kolektiboa, zerbitzu publikoen defentsa pribatizazioekiko, tokian tokiko dinamiken beharra, ardura kolektiboak, herrigintza eta udalgintzaren arteko zubiak sendotzeak dakarren onura…

Agerian ari da geratzen arlo askotan modu hegemonikoan indarrean dagoen ekonomia eredu kapitalistak ez duela balio bizitza bizigarriak izan eta mundu honetan modu jasangarrian jarraitzeko. Eta, aldiz, jorratzen ari garen bidean sakontzeko arrazoi gehiago ematen dizkigu; badago beste modu bat eta praktikaren bidez ari gara hau posible dela ikusten.

 

Orain arte emandako pausoak

Olatukoopek eta hau osatzen dugun enpresa komunitarioetako kideek hainbat pauso eman ditugu jada:

  • Olatukoopek parte hartzen duen egitasmo presentzial guztien etetea.
  • Lana eta zaintza uztartzeko helburuarekin, gure kooperatiba eta enpresa komunitarioetan etxetik lan egitea lehenetsi da eta horretarako bideak ezarri ditugu.
  • Lehentasunak kontutan hartuta, bizitzak ekonomiaren aurretik jarri ditugu, eskuartean ditugun lan konpromisoak atzeratu daitezkela asumituz.
  • Olatukoop osatzen dugun enpresek laguntza eskaini diogu elkarri.

 

Datozen asteetan sakonduko ditugun neurriak

Egunez egun areagotzen ari den krisi baten aurrean gaude. Etxeetatik hasi, enpresetatik jarraitu eta sarean egin ditzakegun ekarpenak aztertzen ari gara uneotan.

  • Modu informal eta naturalean honezkero sortu den elkarlaguntza eskaintza antolatzeko pausoak emango ditugu. Sarea osatzen dugun enpresek krisi honen aurrean egokitzeko dugun gaitasuna ezberdina da, lanean ari garen arloaren arabera. Honen jakitun, sortzen diren beharrak estaltzen saiatuko gara interkooperazioaren bitartez.
  • Enpresa komunitarioen arteko mutualismo tresnak abian jarriko ditugu. Ekonomia bizitzaren zerbitzura dagoela ulertzen dugu eta, beraz, Olatukoopen baliabideak eta gure sareko kideenak aztertuko ditugu, krisitik batera ateratzeko pausoak emanez.
  • Kale, auzo, herri eta hirietan antolatzen ari diren sare ezberdinetan parte hartuko dugu gure ekarpenak egiteko.

Manifestu honen bidez Olatukoop sarearen tresna eta baliabideak partekatzeko eskaintza zabaldu nahi dugu, baliagarriak izan gaitezkeen tokietan eragiteko.

Erakunde publikoek herri bezala hartuko ditugun neurri nagusiak zedarritzeko ardura dute. Baina hortik harago, norbanako eta kolektibo gisa guztioi dagokigu konpromisoak hartu eta larrialdi egoera ahal bezain ondoen gainditzea. Irtenbidea komunitarioa izango da, kolektiboan eraikitako elkartasunean oinarritua.

Zaindu dezagun elkar! Biba bizitza!

4

olatukoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


Leave a Reply