Bloga

Ekonomia Sozial Eraldatzailea herrietan bultzatzeko proposamena (10 neurri)

Bizi dugun krisi ekonomiko sistemikoaren aurrean, antolatzeko eredu sozial eta ekonomiko berriak bilatu behar ditugu. Hots, jendartearen ongizatea eta bizitzaren iraunkortasuna helburu izango dituen garapen eredu egonkor eta parekidea ahalbidetu behar dugu.

Azken hamarkadetan, ESE Ekonomia Sozial eta Eraldatzailean oinarritzen diren alternatiba ekonomikoak sortzen eta zabaltzen ari dira: nekazaritza ekologikoa eta komertzializazio zirkuitu laburrak; finantzazio etiko eta solidarioak; ekoizpen eta salmenta energetiko iraunkorra; enpresa antolaketa eredu horizontal eta parte hartzaileak; dependentzia egoeran dauden pertsonen zaintzarako ekimenak; erreprodukzio lanenak…

Ekimen horien garapenak lanpostu berriak sortzen ditu, harreman sozial parekideak indartzen ditu, eta pertsona zein ingurumena sistemaren zentroan kokatzen dituen eredu ekonomiko postkapitalista, iraunkor eta justuak eragiten ditu.

Horrez gain, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak aldarrikatzen dituen 7 printzipioen artean, Komunitatearekiko Konpromisoa ere aurkitzen da: “Kooperatibak, bere bazkideek onartutako politiken bidez, bere inguruko komunitatearen garapen iraunkorra lortzeko egiten du lan. Bazkideen behar eta nahietan zentratzen den modu berean, bere bazkideek onartutako irizpideen arabera, kooperatibek komunitateen garapen iraunkorra lortzeko egiten dute lan”.

Horrela, bada, Ekonomia Sozial eta Eraldatzaileak berezkoa du, tokiko garapenean sakonduz, inguruko komunitatearen ongizatea bilatzeko helburua. Hau da, lanpostu duin eta egonkorrak sortzeaz gain, lurraldearen eta komunitatearen giza garapen iraunkorra sustatzen dute, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailean aritzen diren enpresek sortzen duten gaindikinaren inbertsioaren bidez.

Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritutako iniziatiba eta proposamen horiek demokraziaren kontzeptua eta praktika eremu ekonomikora zabaltzen dute, pertsonak zein komunitateak eraldaketa sozioekonomikoaren protagonista bilakatzen dituzte, eta elkartasunean, berdintasunean, askatasunean eta auto-eraketan oinarritzen den jendarte bat sortzeko baldintzak eskaintzen dizkigute.

Tamalez, ekimen horiek guztiek eragiten dituzten onuren ezagutza eta errekonozimendu maila oso baxua da oraindik. Ez dugu eskaintzen duten potentzialtasun guztia baliatzen, eta jendartearen eraldaketarako baliabideei ez gara probetxurik ateratzen ari.

Ekimen horiek guztiak identifikatu, bistaratu, berriak sor daitezen baliabideak eskaini, elkarlan sareak ehundu eta horien arteko proiektu komun berriak bultzatu nahi dituzte jarraian aurkezten ditugun neurri hauek.

10 neurri Ekonomia Sozial Eraldatzailea herrietan bultzatzeko

  1. Merkatu sozialak zein kanpaina publikoak egin. Ekonomia Sozial Eraldatzailea ezagutarazteko eta tokiko ekonomia sustatzeko.
  2. Sortu diren ekimen kooperatiboetan parte hartu. Elikadura burujabetzari, energia berriztagarriei, parekidetasunari eta finantza etikoei lotutako ekimen kooperatiboetan udalek ere parte hartzea.
  3. Herrietako egitura sozioekonomikoaren eraldaketaren kontakizuna garatu. Garatutako ekimenen ikuspegi integrala landu, mapeoak, gidak… egin, eta herriko proiektu kooperatiboen memoria berreskuratu.
  4. ESE eragileei azpiegitura publikoak, eraikinak zein lurrak erabiltzeko erraztasunak eman. Ekonomia Sozial Eraldatzailearentzako eremuak sortzea eta eraldatzea: lokalak uztea, elkarlantegi (coworking) eremuak sortzea, izaera sozialeko enpresa eremuak…
  5. Zerbitzuen kooperatibizazioa bultzatu. Arlo jakin batzuetan herriko zerbitzu publikorik egon ezean, kooperatibizazioa sustatu.
  6. Klausula sozialak bultzatu. Sozialki arduratsuak diren erosketa eta kontratazio publikoak sustatu.
  7. ESE eremurako kreditua lortzeko erraztasunerako bideak jorratu. Eta zerga pizgarriak aplikatu mota horretako ekimenetan.
  8. ESE formazioa, aholkularitza eta lanpostu berriak sortzeko ekintzailetza kooperatiboko zerbitzuak. Garapen Agentzien eskutik horretarako departamentuak sortzea.
  9. Tokiko nekazaritza bultzatu eta lurraldearen erabilera arduratsua ziurtatu. Horretarako plan orokorrak garatu.
  10. Herri bakoitzean Ekonomia Sozial Eraldatzailearen batzorde bat sortu. Batzorde hori izango da politika sozial, ekonomiko eta kulturalak lankidetza publiko-kooperatibo-komunitarioaren bidetik sustatzeko arduraduna. Bere gain hartuko dituen lanen artean egongo dira:
    1. ESEren herriko diagnostiko bat egin. Diagnostiko lokala.
    2. ESErentzako izaera integrala duen Plan Orokor bat diseinatu. Herri mailakoa izango da, eta aurrekontu eta ebaluazio mekanismoak izango ditu.
    3. Urtero memoria bat idatzi.
    4. Eragile publiko zein kooperatibo-komunitarioez osaturiko talde-zerbitzu bat sortu, suerta daitezkeen gatazketan bitartekari lanak egiteko.

Informazio gehiago: info@olatukoop.net edo 619 51 30 16 (Nagore Vega)

Dokumentua:

0

olatukoop

Ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea. Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.


18 comments

Leave a Reply to mikel_esnaola Cancel Reply